“Oso babestuak eta maitatuak sentitu gara herrian”

Egoitz Unamuno 2020ko eka. 4a, 10:32
Sinf

Sinfo Muñozek (Aliseda, Caceres, 1943) eta Satur Gilek (La Cumbre, Caceres, 1942) koronabirusa pasatu dute eta orain sendatuta eta onik daude etxean. Kontatu dutenez, esperientzia gogorra izan da, baina aldi berean balio izan die ikasteko eta baloratzeko aurretik baloratzen ez zituzten gauza asko. Elkarrizketan Esti eta Isa alabek ere parte hartu dute.  

Nola zaudete?

[Sinfo] Oso ondo, kasik joan ginen baino hobeto etorri gara. [Esti] Hala ere, oso gogorra izan da.

Noiz eta nola jakin zenuten kutsatuta zegoela?  

[Satur] Sinfo martxoaren 24an ingresatu zuten koronabirusa zuela eta. Egun batzuk lehenago jausi egin zen eta anbulantzian eroan zuten Mendaroko ospitalera; han egin zioten froga.

Zelakoa izan zen jakitea?

[Esti] Lanera deitu zidaten amak positibo eman zuela esateko. Egun horretan bertan, eguneko zentrora eta anbulatoriora deitu nuen jakinarazteko. Gero, anai-arreba denok batu ginen eta berrogeialdian egon ginen. 

Beldurrik sentitu zenuten?

[Isa] Bai, handia. Ama oso ahul zegoen eta hasierako momentuan zegoen informazioarekin, hilko zela pentsatu genuen. Ama ingresatu eta hiru egunetara, sukarra hasi zitzaion aitari, 37,5etik 39ra bitartekoa. Protokoloak agintzen zuen bezala, anbulantziari deitu genion, baina azkenean semeak eroan zuen Mendaroko ospitalera. Momentu horretan, lur jota gelditu ginen.

Zenbat denbora egin zenuten ospitalean? 
[Satur] Nik hamabi egun eta Sinfok hilabete eta erdi inguru. Mendarotik Eibarko ospitalera eroan gintuzten, han koronabirusa duten gaixoendako planta dagoelako. Han batera jarri gintuzten. 
Noiz jakin zenuten sendatuta zeundetela?  [Satur] Bioi egin ziguten proba. Nik dena ondo eman nuen eta alta eman zidaten, baina Sinfok beste egun batzuk gehiago eman behar izan zituen guztiz osatuta zegoela esan zioten arte. Ordurako, pertsona baten bisitak jasotzeko aukera zuen. Azpimarratu nahi dut erizainen portaera, zoragarria izan da ze mimo eta ze maitasunekin tratatu gaituzten.

Herrian, jendearen aldetik zelako harrera jaso duzue?

[Esti] Nik Correosen lan egiten dut eta badakit berrogeialdian nengoela pertsonaren batzuk esan dutela lanean ikusi nautela… 
[Isa] Badago jendea oraindik ere espaloi batetik bestera aldatzen dena, baina tira, besterik barik, beldurra ere libre da ta... Beste batzuek, ostera, ama besarkatu ere egin dute edo euren hurbiltasuna adierazi digute. Hunkigarria izan da. Ni egun hauetan konturatu naiz nire ama eta aita zein maitatuak diren herrian. Oso babestuak eta maitatuak sentitu gara. Jende askok etxera deitu digu edo kalean gelditu gaitu euren berri jakiteko edo laguntza eskaintzeko. 
[Satur] Ni honek ez nau lotsatzen eta garbi berba egin dut beti. Bai, bitxoak harrapatu nau eta kitto!! Nik ez dut jendearen bazterkeriarik sentitu. Bakarren batek esan dit: “epa, zu hor eta ni hemen” (barrez) eta horrelakoren bat, baina ez besterik.

Buelta asko eman diozue non kontagiatu ote zareten?

[Isa] Ez. Ama eguneko zentrora joaten da, Eibarko erreabilitazio zentrora, kafea hartzera, ileapaindegira… Ezinezkoa da jakitea non kontagiatu zen. 

Zer ikasi duzue honetatik?

[Satur] Gauza asko. Espero ez nuen jende askok deitu dit eta animatu naute esanez: “Animo Satur! ¡Saldrás adelante!”. Horrek asko balio du eta azkenengo egunetan horrelako asko bizi izan ditut. Alderantzizkoren bat ere bai, baina tira… Asko ikasi dut. Gauzak baloratzen ikasi dut, hau gertatu aurretik baloratzen ez nituen gauzak baloratzen ditut orain. Lagunak dira gehien behar duzunean ondoan izaten direnak. Lehen ez nituen lagun asko ditut orain. Horrez gain, ezagutu ditut ospitaleetan euren bizia ematen diharduten pertsonak ere: erizainak, medikuak…