Biraka Dantza taldean izena emateko epea zabalik

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 3a, 14:22
Ikasleak dantzan, iazko maiatzean egindako dantza ikuskizunean.

Biraka Dantza taldeak zabaldu du 2020-2021 ikasturtean izena emateko matrikulazio epea, lehen mailako umeei zuzendutakoa. Diotenez, “espero dute” 2020-2021 ikasturtea urrian hasi ahal izatea. Era berean, maiatzean egin ohi duten dantza ikuskizuna udazkenean egin nahi dute.

2019-2020 ikasturteko eskolak “espero baino lehen” bukatu behar izan zituen Biraka Dantza taldeak, koronabirusak eraginda. Baina dagoeneko datorren ikasturteari begira jarri da, urrian hasi ahal izango duten esperantzaz.

Hori horrela, lehen mailako umeentzat izen-emate epea zabaldu dute. Horretarako, umearen izen-abizenak, jaiotze-data eta telefono zenbakia honako helbidera bidali behar dira: kirola@soraluze.eus

Datorren ikasturtea antolatu ahal izateko izena ekainean ematea eskertuko duten arren, ikasturte osoan izango da izena emateko aukera. Prezioa da 14 euro hileko.

Egun bi gehiago

Ordutegiei dagokienez, aldaketak daude, besteak beste, kiroldegian egokitu duten goiko gela berriari esker, bi egun gehitu baitituzte Birakarako: martitzenak eta eguenak. 

Gainerako mailetako ikasleei dagokienez, berriz, izena emanda daudenen matrikula automatikoki berrituko da, kontrakorik esan ezean. Baja emateko, honako helbidera idatzi behar da: kirola@soraluze.eus. Edo Udal Kiroldegia zabaltzen denean, bertan eman behar da abisu. 

Dantza ikuskizuna udazkenean

Ezustekorik ezean, eskolak urrian hasiko dituzte. Urteko dantza ikuskizunari dagokionez, maiatzen egin ohi da, baina aurten bertan behera laga behar izan dute. Hori bai, ahal dela, asmoa da ikuskizuna egitea urria-azaroa inguruan, dena ondo bidean.