Correosek jardun berezia izango du

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 3a, 10:35

Correoseko bulegoa, kanpoko aldetik.

Bihartik hasita, eguena, Correosek eguen arratsaldeetan ere zabalduko du bulegoa, uztailaren 9ra bitartean. Uztailean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako posta bidezko botoa errazteko luzatuko dute jarduna. Baina, botoaren tramitazioaz gain, ohiko zerbitzuak ere egin ahal izango dira.

Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Baina botoa posta bidez emateko aukera zabalik da maiatzaren 19tik. Aurreikuspena da aurten herritar askok emango dutela botoa posta bidez. 

Botoa postariari

Bide hori errazteko, Correoseko bulegoek jarduna luzatu egingo dute, baita Soraluzekoak ere. Hemengo kasuan, eguen arratsaldeetan zabalduko du, uztailaren 9ra bitartean, 18:00etatik 20:00ak arte. Gainera, posta bidezko botoa eskatzen dutenek, postariak hauteskunde-dokumentazioa etxera eramaten dietenean, aukera izango dute postariari botoa emateko, posta-bulegora joan beharrean.

Bestalde, alarma egoera ezarri zenetik Correosen bulegoan izan duten ordutegi murriztua bertan behera laga, eta ohikoa berreskuratu dute aste honetan. Bestela esanda, orain, astelehenetik barikura, 08:30etik 14:30ak arte dago zabalik zerbitzua (bihartik eguen arratsaldeetan ere bai), eta zapatu goizetan 09:30-13:00ak bitartean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.