Maiatzeko langabezia-tasa ia 2017koaren parera iritsi da

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 2a, 11:09
Zubi Nagusia gaur, martitzena.

Apirilean, ia %15eraino iritsi zen herriko langabezia-tasa. Maiatzean, berriz, gainditu egin du langa hori. Azken hiru urteotako langabezia-tasarik handiena da. Ia 2017ko langabezia-tasara iritsi da aurtengo maiatzeko datua. Eskualdean ere, oro har, goranzko joerari eutsi egin dio. 

Azken hiru urteotako langabezia-tasarik altuena neurtu da herrian maiatzean: %15,42, edo bestela esanda, 289 langabe kontabilizatu dituzte. 2017ko irailetik neurtu den daturik okerrena da; orduko hartan, %15,64raino iritsi zen langabezia-tasa, baina harrezkero beheranzko joera hartu zuen.

Beheranzko joera horretan, 2019an langabezia-tasa %13koa baino txikiagoa izatera iritsi zen; hainbat hilabetetan baita %12 baino txikiagoa ere. Iazko urritik aurrera, ordea, gora egiten hasi zen. 2020. urte hasierak ez zituen datuak hobetu, eta orain, koronabirusaren krisiaren ondorenak datu are okerragoak ekarri ditu. 

Debabarrenean ere gora

Eskualderi begiratuta, Debabarreneko egoera ez da hobea. Soraluzek segitzen du izaten langabezia-tasarik altuena, eta haren atzetik dator Eibar, armaginen herrian ere %15eko langa gaindituta. Gainera, maiatzean eskualdeko udalerri guztietan egin du gora langabeziak; Mendaro da salbuespena, han jaitsi egin baita.

Hona hemen langabezia datuak, herriz herri:

  • Deba              220         %8,26
  • Eibar           1.926         %15,27
  • Elgoibar         589        %10,65
  • Mendaro          94         %9,50
  • Mutriku          257         %9,66
  • Soraluze       289         %15,42
  • Debabarrena 3.395      %12,83