Lehen bisitak egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 2a, 09:02
Egoitzaren kanpoko aldean seinalatu dute bisitariendako bidea.

Atzo, astelehena, Mesedeetako egoiliarrak senideen bisitak jasotzen hasi ziren, ia hiru hilabetez haiek aurrez aurre ikusi ezinda egon ondoren. Aste honetan egoitzaren kanpoko aldean ari dira bisitak egiten. Datorren astelehenetik, berriz, barrura sartzea ere posible izango da. Bisitak egiteko txanda hartu beharra dago aldez aurretik eta prebentzio neurri zorrotzak bete.

 

Atzotik dagoeneko posible da Mesedeetako egoitzako bizilagunak bisitatzera joatea. Atzo bertan izan ziren lehen bisitariak, horretarako egokitutako gunean, egoitzaren kanpoko aldean. Izan ere, prebentzio neurriak zaintzeaz gain, aste honetan ezin izango da egoitzara sartu.

Bete beharrekoak

Datorren astean, ordea, bisitariek barrura sartzeko aukera izango dute. Hori bai, Elena Beristain zuzendariak azpimarratu du neurri zorrotzak bete beharko dituztela. Honakoak, besteak beste:

  • Aldez aurretik txanda hartu beharko da
  • Egoiliar bakoitzeko bisitari bakarra joan ahal izango da
  • FFP2 motako maskara eraman beharko da
  • Egoiliarrak eta bisitariak segurtasun distantzia beteko dute, eta biek izango dute maskara
  • Sartu aurretik eskuak eta oinetako-azpiak garbitu egin beharko dira
  • Egoitzan bata bat emango zaio bisitari bakoitzari, sartu aurretik janzteko
  • Bisitak, asko jota, 30 minutu iraungo du, protokolo neurriak betetzea denboran barne sartuta
  • Bisitak propio prestatutako gela batean egingo dira
  • Bisita baten eta bestearen artean, guztia desinfektatu egingo dute