Ekainaren 7an Plaza Berria aldarriz betetzera deitu du Soraluzeko Gure Eskuk

Egoitz Unamuno 2020ko eka. 1a, 18:01
Aldarriak kartoietan idatzi behar dira.

Hamaika Gara egitasmoak egindako deialdiarekin bat eginez, Soraluzeko Gure Eskuk herriko kolektiboei eskatu die euren aldarria kartoi batean idazteko eta domekan plazara eramateko, "herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskura dezaten" eta "krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adierazteko".

Umeei, gurasoei, langabetuei, tabernariei, erizainei, emakumeei, presoen senideei, adinekoei, sindikatuei, euskaltzaleei eta krisiak kaltetu dituen beste hainbat kolektibori Soraluzeko Gure Eskuk dei egin die, ekainaren 7an, domekan, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean euren aldarriak Plaza Berrira eroan ditzaten, kartoi batean idatzita (kartoiak plazan bertan izango dira erabilgarri). Ondoren, aldarri guztiekin mural bat osatuko dute, "zuhaitz itxurakoa".

Krisiari Euskal Herritik erantzuteko premia

Joan zen martxoaren 11n erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu zuen Hamaika Gara egitasmoak egin du deialdia Euskal Herri mailan. Hamaika Garak uste du, garaia dela herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskura dezaten. "Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea". Hori dela eta, Hamaika Gara egitasmoarekin bat egindako eragileek "herri erantzun bat" emateko deia egin dute. 

Horrekin batera, iragarri dute mobilizazio horren ondoren pixkanaka Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo diotela berriro, eta udazkenetik aurrera kanpaina indartzeko asmoa erakutsi dute.