Kiroldegia eta udalekuak, aste honetan aztergai

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 1a, 11:01
Kiroldegia kanpoko aldetik.

Gaurtik aurrera, ekainak 1, Udalean berriro ere ekingo diete batzordeetako bilerak egiteari. Bestela esanda, apurka-apurka alarma egoeraren aurreko funtzionamendura bueltatuko da Udala. Aste honetan egingo diren batzordeetan, besteak beste, bi gai garrantzitsu izango dituzte aztergai: kiroldegiaren balizko irekiera eta udalekuak egin ala ez.

Aste honetan hasiko dira, berriro ere, Udaleko batzordeburuak teknikariekin batzarrak egiten. Bihar, Kirol batzordea egingo dute; eguaztenean, Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak batzordea eta eguenean, Hizkuntza Politikarako batzordea.

Batzordeotan, gai mardulak izango dituzte langai. Kirol batzordean, besteak beste, Udal Kiroldegiaren balizko irekiera landuko dute. 

Udal Kiroldegia

Alarma egoera ezarri zenetik itxita egon da hura. Joan den asteko astelehenetik, berriz, berriro ere baimenduta dago mota horretako azpiegiturak zabaltzea, oraingoz, neurri oso zorrotzekin. Soraluzeko Udala joan den astean bertan hasi zen gaia aztertzen. Eta bihar erabakiko dute kiroldegia zabaldu ala ez.

Eguaztenean, berriz, Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak batzordea osatzen duten ordezkariak batzartuko dira. Kasu horretan, aztergai izango dituzten gaien artean aztertuko dute alarma egoeran ikastetxeek eta Udal ludotekak eta gaztelekuak izan duten jarduna. 

Udalekuak

Horrekin batera, uztailean egin ohi diren udalekuen gaia ere landuko dute, udalekuak egin ala ez egin erabakitzeko. Dagoeneko, Espainiako Gobernuak jakinarazi du hirugarren fasean baimenduta egongo dela udaleku irekiak egitea eta espero da Jaurlaritzak aste honetan jakinaraztea bere erabakia. Edozelan ere, herrian azken berba Soraluzeko Udalak izango du.  

Aste honetako azken batzordea, eguenean egingo dute: Hizkuntza Politikarako batzordea (Euskara batzordea). Kasu horretan, batzordearen aurrekontua berrikusiko dute; alarma egoeran gauzatu diren eta ez diren jardueren berri emango dute, eta besteak beste, Euskaraldia ere izango dute aztergai.   

Batzar horiek ez-ohiko lekuan, osoko bilkuren aretoan egingo dira, indarrean dauden segurtasun tarteak zaintzeko.