“Arreta deitu zidan ikusteak klase sozial desberdinetako jendea elkarrekin ibiltzen dela"

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 2a, 08:00
Lucelia Silva industrialdean, berak jarritako haize-errotatxoak atzean dituela.

Lucelia Silvak, Lucik (Brasil, 1981) 16 urte daramatza Euskal Herrian. Lanagatik etorri eta Bergaran bizi izan zen lehenengo. Baina, orain dela 10 urte Soraluzen bizi da, azken sei urteak Casa del Pueblon lanean. Zortzi urte daramatza, berriz, ama ikusi barik. Hura, haren jatorduak eta Brasilgo klima (hemen hezetasun larregi dagoela dio) igartzen ditu gehien faltan.

 

Zer moduz Soraluzen? 
Oso ondo. Jendea oso adeitsua eta atsegina da, oso ondo hartu naute. Herria, berriz, oso lasaia eta polita da, mendiz inguratuta, baserriak, horren berdea… 
Euskal Herrira iristean, zerk harritu zintuen gehien?
Klimak. Hezetasuna da txarrena. Nik ez dut sekula alergiarik izan, eta orain bai. Bestalde, hemen jendeak sozializatzeko duen modua desberdina da. Arreta deitu zidan klase sozial desberdinetako jendea hemen elkarrekin ibiltzen dela ikusteak, enpresaria langileekin… hori oso ondo dago. Brasilgo bizimodua ere oso soziala da, baina kalera irteteko dagoen modua desberdina da, hemengo poteotxoa, tabernetara irtetea… 
Bergaratik Soraluzera, zelatan?
Krisian, Bergaran lan barik geratu nintzen eta Batzokian aurkitu nuen lana. Lanera etortzen hasi nintzen, baina gero bizitzen ere geratu nintzen. Herri berean bizi eta lan egitea luxua da. Hasieran txikia egin zitzaidan, baina segituan egokitu naiz. Orain, ez nuke nahiko Brasilera bizitzera bueltatu; hura asko aldatu da. 
Tabernaria zara; zer moduz koronabirusaren krisiarekin? 
Etxezalea naiz eta etxean egon behar zenez, ondo. Noski, ito ere egin naiz paseatu ezinagatik, baina beste batzuk okerrago pasatu dute. Hori bai, lanik egin ez dudan garairik luzeena izan da. Horrek bai arduratzen nau. Ekainaren 8an zabalduko dut taberna, baina taberna txikia da. Ez dut esperantza larregi, baina ahaleginduko naiz. Bestela, aurkituko dut beste zerbait, edozein lekutan. Lanari ez diot beldurrik. 
Koloretako haize-errotatxoak ipini zenituen Mendiolan… 
(Barre) Bai, eta jendeak ondo hartu zuen. Txalo egin dutenenegatik, umeengatik… ipini genituen. Bizitzak buelta asko ematen ditu, haize-errotak bezala, eta denok putz egitea da behar dena.