Elkarretaratze ibiltaria, 'Izan bidea' ekimen berriaren aurrekari gisa

Egoitz Unamuno 2020ko mai. 30a, 10:56

Atzo, barikua, Soraluzeko Sarek deituta, presoen eskubideen aldeko elkarretaratze ibiltaria egin zuten herriko kaleetan zehar, 'Izan bidea' ekimen berriaren aurrekari gisa.  

Elkarretaratze ibiltaria 19:45ak pasatxoan abiatu zen Plaza Berritik, eta 70en bat herritar ilaran joan ziren herriko kaleetan zehar, elkarren arteko distantziak errespetatuz. Plaza Zaharrera buelta egin ostean, Santa Ana kalean joan etorria egin eta Zubian amaitu zuten ibilbidea, oro har, isiltasunean, 'Elkarbizitzarako bidean, Sebas etxera' leloa zaroan pankarta nagusiaren atzetik.

Pankarta nagusiarekin batera, beste hainbat eskakizun eta mezu ere agertu zituzten, momentu honetan presoek kartzeletan bizi duten egoera dela eta: 'Gaixo larriak askatu', 'Urrunduak', 'Bakartuak', 'Bi hilabete bisitarik gabe', 'Izan bidea' ekimenaren kartelak...

'Izan bidea' ekimen berria

Atzoko elkarretaratze ibiltaria Euskal Herriko Sare Herritarrak aste honetan aurkeztu berri duen 'Izan bidea' ekimenaren aurrekaria izan zen herrian. Izan ere, Sareren ekimen berriak planteatu duena da datozen hilabeteetan Euskal Herriak duen biztanle kopuru adina kilometro egitea; 3.127.326 kilometro, "Munduari bira", preso eta iheslarien eskubideen aldarria "euskal gizartean eta munduan zabaltzeko". Sarek "elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltari sarea" ehundu nahi du eta horretarako herritarrak gonbidatuko ditu ibiltzera. Datozen egunetan, Soraluzeko Sarek herrian aurkeztuko du ekimena, xehetasun eta guzti.