Hasi dira lore lehiaketarako izena ematen

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 29a, 11:32
Herriko balkoi ugari ikusgarri daude. Argazkian, Frantziska Iraolagoitiaren balkoia.

Goiztiarrenak hasi dira Balkoietako eta Leihoetako Lore Lehiaketarako izena ematen. Hala ere, oraindik badago horretarako astia, ekainaren 26an bukatzen baita izena emateko epea. Iaz izan zuen partaidetzarik handiena lehiaketa horrek: bederatzi lehiakide.

Dagoeneko hiru herritarrek eman du izena aurtengo Balkoietako eta Leihoetako Lore Lehiaketan. Horrela esanda, gutxi dirudi; baina oraindik asko falta da izena emateko epea ixteko, eta kontuan hartuta urtetik urtera handitzen doala partaide kopurua, baliteke aurten gehiago animatzea, are gehiago kontuan hartuta aurten inoiz baino ageriago ikusi dela balkoiek eta leihoek bizitza kalitatean duten garrantzia. 

Izena non eman

Lehiaketan izena emateko, parte hartzailearen izen-abizenak eta balkoi edo leihoa identifikatzeko helbidea eman behar dira, ekainaren 26a baino lehen. Bi bide daude horretarako:

 • Udaletxera bertaratuta.
 • 943 75 30 43 zenbakira deituta.

Originaltasuna…

Izen-emate epea bukatuta, epaimahaiak ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean egingo ditu lehiaketara aurkeztu diren balkoien eta leihoen ikustaldiak.

Honako ezaugarriak baloratuko dira:
 • Originaltasuna.
 • Apainketaren kalitatea.
 • Armonia eta diseinua.
 • Iraunkortasuna eta jasangarritasuna.

Bi sari emango ditu Udalak, eta sari banaketa uztailaren 6an egingo dute, 11:00etan, Plaza Berrian:
 • Lehen saria: 150 euro.
 • Bigarren saria: 75 euro.