Maiatzeko alea

Eta gero zer?

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 29a, 10:04
Maiatzeko alearen azala.

Eta gero zer? Galdera hori dakar azalean gaur banatuko den Pil-pilean aldizkariak. Izan ere, maiatzeko aleko erreportajean, gogoeta egin eta galdera horri erantzuten ahalegindu dira sei herritar, norbere esparruan arituak eta adituak direnak. Koronabirusa jasan eta gaixotasuna gainditu duten beste bi herritar dira, berriz, elkarrizketako protagonista: Satur Gil eta Sinfo Muñoz. Zela ez, aktualitateak ekarri dituen bestelako gai ugari eta mamitsuak ere badakartza aldizkariak.

Maite Larrañagak, Mikel Santiagok, Jokin Oregik, Beatriz Akizuk, David Lindemannek eta Gotzon Elizburuk gogoeta egin dute koronabirusaren krisiak orain arte ekarri duenaz eta ekarriko duenaz, edo ekarri beharko zukeenaz. Hezkuntza, ekonomia, antropologia, gizatasuna, kontsumoa... bakoitzak bere esparrutik egin du gogoeta, baina guztiek bat egin dute ideia batekin: gauzak aldatzeko beharra dago eta hobe da ez bueltatzea lehengo "normaltasunera”.  

Beldur handia

Elkarrizketa nagusian, berriz, COVID-19 gaitza gainditu duten bi soraluzetar dira berbalagun: Satur Gil eta Sinfo Muñoz. Besteak beste, alabek kontatu dute beldur handia pasatu zutela, uste izan baitzuten ama hil egingo zela. 

Osterantzean, fase batetik besterako trantsizioan gauden honetan, udal zerbitzuen eta bestelakoen funtzionamendu eguneratuaren berri dakar aldizkariak: liburutegia, udaletxea, anbulatorioa, ikastetxeak… 

Sagar-Errekako eukalipto landaketak geldiarazteko eskatzen duen ekimena eta landaketa horrek sortu duen alarmaren gainekoak ere jaso ditu. 

Maider Gabilondok UNICEFen Nafarroako koordinatzaileak, eta Enara Agirre EHUko Berdintasun teknikariak ere gogoeta egin dute, iritziari eskainitako tartean. 

Txisteak

Eta, besteak beste, pandemiak eta plaentxiarren umore beltza abiapuntu modura hartu eta zenbait ipuin barregarri partekatu ditu Iñaki Galdos politikari eta hizkuntzalariak, Juan San Martin eibartarrarenak.

Maiatzeko Pil-pilean aldizkaria gaur, barikua, partituko da etxez etxe. Edozelan ere, ohi denez, Plaentxia.eus atarira ere badago jasota. Hemen klikatuta ikus daiteke (edo atariak prentsari eskaintzen dion ohiko lekuan).