Lapurrak sartu dira Urkia Zelai elkartera

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 27a, 12:05
Urkia Zelai elkartea kanpotik. Argazkia: Sorapedia.

Herenegun, astelehena, Urkia Zelaiko elkartera indarrez sartu zirela jabetu ziren. Bi hilabete pasatxoan, bazkideak elkarte barrura sartzeke egon dira, eta astelehenean, bazkide bat barrura sartu zenean konturatu zen leiho bat apurtuta zegoela eta norbait barruan ibili zela. 10-20 bat euro lapurtu dizkiete. Ertzaintzari abisu eman, eta gertakaria ikertzen ari dira.

Aste honetatik aurrera elkarte gastronomikoak zabaltzeko aukera izango zela jakitean, astelehenean, Urkia Zelaiko bazkide bat elkartera bertaratu zen, guztia abian jartzen hasteko. Baina, ezusteko galanta hartu zuen. Lurrean kristalak aurkitu zituen, leiho baten ondoan. Orduantxe jabetu zen leihoa apurtuta zegoela eta norbait barruan ibili zela. Egunean bertan deitu zion Ertzaintzari, haiek etorri, eta ingurua ikuskatu egin zuten. 

Mari Karmen Elgeta bazkideak kontatu duenez, ia hiru hilabetean ez da inor sartu elkartera. Beraz, ez dakite noiz gertatu den lapurreta. 

Erremintak behar

Hori bai, badakite lapurretara joan direnak erremintekin joan direla, nora eta zertara zihoazen jakitun: “Leihotik sartzeko, zementuan sartuta zegoen barrotea indarrez kendu eta harekin apurtu zuten gainerakoa, dena lekutik atera zuten. Hori egiteko erremintak behar dira, palanka txiki batekin bakarrik ezin daiteke egin; argiak ere beharko zituzten. Bazekiten zertara zihoazen. 10-20 bat euro zeuden barruan, eta horixe eraman dute, ez besterik. Baina badakigu barruan ibili direla, takilak-eta zabaldu egin baitituzte. Halakoetatik txarrena da ematen dizun amorrua eta eragiten dizun segurtasun-eza. Gainera, ez da elkartean lapurretan egiten duten lehen aldia”.