Bihar, Allegro elkartea zabalduko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 27a, 10:30

Allegro elkartearen atzeko aldea, ibai aldera, kooperatibaren ondoan.

Erabateko des-konfinamenduaren bigarren fasean baimendutako ekintzen artean, elkarte gastronomikoak zabaltzeko aukera ere bada. Hori baliatuta, adibidez, bihar, eguena, Allegro elkartea zabaldu egingo dute. Elkartearen edukiera osoaren %50a erabiltzeko aukera izango da, eta garbiketa neurri oso zorrotzak zaindu beharko dira.

Bihartik, eguena, Allegroko bazkideek elkartea erabiltzeko aukera izango dute. Atzo, martitzena, elkarteko zuzendaritzak gaia lantzeko batzarra egin zuen, eta besteak beste, elkartea zabaltzea erabaki zuen, haren erabilera arautzeko hainbat neurri ezartzeaz batera; honakoak:  

  • Elkartearen edukiera osoaren %50 erabili ahal izango da (50 bazkide ingururendako lekua izango da).
  • Zinta bitartez mugatu dute elkarteko espazioa, non eseri daitekeen eta non ez adierazteko.
  • Telazko zapiak-eta ezin direnez erabili, paperezkoak erosi dituzte.
  • Gel eta desinfektatzaile bana ipini dituzte elkartearen bi solairutan.
  • Mahaiak eta jarlekuak erabili aurretik eta ondoren, bazkide bakoitzak haiek gelarekin garbitu egin beharko ditu.
  • Komunak sarriago garbituko ditu garbitzaileak.

Neurriok errespetatzeko eskatzeaz bat, bazkideek jokabide “zentzuduna” izan dezaten eskatu du elkarteko zuzendaritzak.

Bazkide berri bila

Horrez gain, zuzendaritzak jakinarazi du bazkide berriak behar dituela Allegro elkarteak, eta herritarrak animatu nahi ditu izena ematera. Oraindik, bazkide berriak hartzeko baldintzak zehaztu barik dituzte, baina norbaitek interesa balu, zuzendaritzako kideren batekin harremanetan jar daiteke; berba egiteko gertu daude haiek. Ainhoa Ibarzabal da diruzaina: 649 75 90 78  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.