Zalantza handiekin, baina gero eta taberna gehiago ari dira zabaltzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 26a, 10:30
Edurtza tabernaren terraza.

Apurka-apurka, herriko tabernariak ari dira establezimenduak zabaltzen. Terraza handienak dituztenen ondoren, Gila taberna izan zen zabaltzen hurrena, joan den astearen amaieran. Atzo, berriz, gauza bera egin zuten Edurtzak, Gaztelupek eta Ufalak. Gainerako tabernari gehienek barikura arte itxarotea erabaki dute, eta izango da astelehenean zabalduko duenik ere. Jatetxeek, berriz, oraingoz ez dute zabalduko.

Atzo ezkero, terrazetan egoteko aukeraz gain, taberna barruetara sartzekoa ere badago, murrizketekin bada ere. Hori horrela, aste honetan, joan den astean baino taberna gehiagok erabaki dute irekitzea, ia hiru hilabetez itxita izan ondoren.

Hori bai, egoerak horretara “behartuta”, zabaldu dutenek tabernetako ia zerbitzu osoa terrazetan ematen ari dira. Nabarmen handitu dira terrazok, Plaza Zaharrean, zubian zein Santa Ana kalean. Santa Ana kalean terraza ipini duenetako bat da Karlos, Edurtza tabernako arduraduna. Zalantza handiekin bada ere, hark erabaki zuen establezimendua atzo zabaltzea. Estreinaldia “poliki-poliki” joaten ari dela kontatu du, are gehiago kontuan hartuta atzo astelehena zela. 

Bestelako tabernari batzuek, berriz, erabaki dute barikura arte itxarotea taberna zabaltzeko, eta izango da astelehenean zabalduko duenik ere. 

Jatetxeak itxita

Bestalde, bigarren fase honetan, jatetxeek ere badute zabaltzeko eskubidea. Tabernak moduan, jatetxe barruak %30 bete daitezke. Hala ere, oraingoz, Soraluzeko Txurruka eta Armendi jatetxeek erabaki dute, aste honetan, behintzat, itxita segitzea, ez baitute egoera batere “garbi” ikusten.