“Egoera larria da, ez dakigu animaliak kendu edo zer egin”

Barren.eus 2020ko mai. 26a, 11:39
Andoni Mugertza, Arno ganadutegikoa.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hamar ganadutegik, tartean Elgoibarko Ruso Zezenak, ohartarazi dute ganadu suharren etorkizuna kolokan dagoela udan jairik ospatu ezean. Mutrikuko Arno ganadutegian ere kezka handiarekin bizi dute egoera eta ilun ikusten dute etorkizun hurbila, halaxe azaldu du Andoni Mugertzak.

Ekitaldi publikoak debekatuta daude momentuz, eta ezin jakin udan jairik izango dugun gure bueltan. Nola eragiten dizue egoera horrek zuei? 

Eragin? Guri kalte handia ekarriko liguke jairik ez ospatzeak, eta kezkatuta, oso kezkatuta gaude. Ez dakigu zer izango den, eta galderak besterik ez dauzkagu, erantzunik ez datorrelako inondik. Ezetz garbirik ez daukagu, baina baietzik ere ez, eta hemen gaude, zer egin asmatu ezinda. Mutrikutik esan digute Madalenak ez direla ospatuko ziurrenik eta irailean Kalbarixoko jairik izango ote den ez dakigu. Soraluze, Azpeiti, Villabona... herri askotako plazetan izaten gara gu uda-sasoian, eta orain denak daude kolokan. Eta gu hortik bizi gara. Guk diru-sarrera hori gabe ez daukagu plazarako ganadua mantentzeko modurik. Eta mantendu ezin badira, hiltegira eraman beharko ditugu derrigorrean, baina hilda ere ez dugu apenas etekinik lortuko, gure behi hauek okela askorik ere ez dutelako eta harakinek ez dituztelako nahi. Egoera, beraz, larria da. Ezinegon handiarekin bizi dugu. Ez dakigu animaliak kendu edo zer egin. Diru-sarrera hori gabe noiz arte eusteko moduan gaude ganaduei? Eutsi, eustearren, eusten diozu, baina gastua da, eta geu ere etxetik bizi gara. Tailerrean moduan da hemen ere. Lana dagoenean 200 langile jardungo dira lanean tailerrean, baina lana erdira jaisten bada, langileak kendu egiten dira, ezta? Bada, hemen, berdin. Luze eusteko ez gaude, baina orain buru batzuk kenduz gero, eta gero handik edo hemendik deitzen badigute? Ez da erraza asmatzen. Sasoi honetan aurrekontuak-eta lotzen egon beharko genuke, ekainetik aurrera plazaz plaza hasteko. Elgoibarko Udalarekin ez gara jarri harremanetan oraindik, baina sanbartolomeen aurretik datozen jaiekin ere ez dakigu zer izango den.

Bi hilabete hauetan ere kaltea igarri duzue?
Ez, ez horrenbeste. Orain hasten da gure sasoia. Ekainetik aurrera hasten gara plazaz plaza, baina aurrez egoten da lana. Plazara irtetea ere ez da mendian dauden larra-behiak hartu eta kamioian sartzea. Preparatu egin behar dira. Inori ez zaio gustatzen itxura txarreko ganadua ikustea, eta geuri gutxien. Plazan 5-6 bat lagun ibiltzen gara gutxi gorabehera. Gure bueltako lagunak dira, laguntzera etortzen direnak, eta eskertu behar izaten zaie haiei ere. Aldi baterako enpleguaren aldi baterako erregulazio espedienterik (ABEE, ERTE) eta halakorik ez dago gurean. Mugimendua hastea komeni zaigu guri. Ganaduarekin lan egiteak badu beste kontu bat ere gutxi aipatzen dena. Urteetako lana izaten da arraza zaintzearena. Beti ibiltzen gara apartatzen: hau alferra da, beste honek jotzera egiten du, beste hau zintzoa da... Genetika zaintzea ere badagokigu, eta hori buru batzuk kenduz gero, eten egiten da, eta hori asko kostatzen da gero errekuperatzea. Bestalde, ganadu hauek dira gure ingurunera ondoen moldatzen diren abereak, eta natura eta bioaniztasuna mantentzeko ezinbesteko eragileak ere badira, mendia garbi mantentzen laguntzen dutelako.

Hamar dira Hego Euskal Herrian jaietako ikuskizunetan, -500 bat zezen festetan parte hartzen dutela kalkulatu dute, tartean San Bartolomeetako sokamuturrean-, aritzen diren ganaduzaleak; bederatzi Gipuzkoan eta bakarra Bizkaian. Hamar ganadutegiotan banatuta 1.000 abere suhar daude guztira, eta guztira 300 hektarea lurzoru erabiltzen dituzte.

Elkarrizketa hau jatorriz Barren.eus atarian argitaratu da eta CC lizentziari esker ekarri dugu Plaentxia.eus-era.