Sagar-Errekako putzuan bainua hartzea baimenduta dago

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 26a, 09:14
Bi lagun Sagar-Errekako putzuan.

Atzo ezkero, baimenduta dago igerilekuetan eta ur-putzuetan bainua hartzea. Soraluzeko kasuan, Sagar-Errekako putzua eta kiroldegiko igerilekua dira horretarako aukerak. Sagar-Errekako putzuari dagokionez, bertan bainua hartzeko jarraibideak helarazi ditu Soraluzeko Udalak; igerilekuari dagokionez, berriz, barikuan aztertuko dute zer egin, baita kiroldegiko gainerako instalazioekin ere.

Kontuan hartuta Covid-19a kutsatzeko bide nagusia pertsonen arteko kontaktua dela, Sagar-Errekako putzura bainua hartzera doazenentzat, kontaktu hori saihesteko edo zaintzeko jarraibideak prestatu ditu Udaltzaingoak, honakoak:

  • 1.- Gorde, gutxienez, bi metroko tartea zurekin bizi ez diren pertsonekin, uretan zein kanpoan.
  • 2.- Garbitu eta desinfektatu sarri eskuak. Saiatu, eskuak garbitu gabe, begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzen.
  • 3.- Estali ahoa eztul edo doministiku egitean, behin erabiltzeko zapi batez edo ukondoaren barnealdea aurrean jarriz.
  • 4.- Ez partekatu toallak eta garbitu bainujantziekin batera etxera heltzean. 
  • 5.- Zaindu haurrak eta gogoratu behin eta berriz prebentzio neurriak bete ditzaten
  • 6.- Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak, arnasketa sintomak, edo, besteak beste, sukarra badituzu, joan lehenbailehen eta jo osasun zentrora.

Kirol instalazioekin ezer egin aztergai

Bestalde, atzo ezkero, baimenduta dago igerilekuetan ere bainua hartzea; eta kirol instalazioak zabaltzeko aukera ere bada. Soraluzeko Udalak aste honetako barikuan aztertuko du gaia. Udal kirol instalazioak zabaltzeko ezarritako neurri murriztaileek asko baldintzatuko dute haren erabakia.