"Euskal presoen eskubideen urraketa" salatu zuten domekan plazan

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 25a, 17:42
Hainbat herritar Plaza Berriko elkarretaratzean.

Atzo, domeka, elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian, “euskal preso politikoen eskubideen urraketa sistematikoa eta Patxi Ruiz presoaren egoera larria” salatzeko. Konfinamendua ezarri zenetik egin den lehen elkarretaratzea izan da.

Atzo, 45 bat lagun elkartu zen Plaza Berrian egindako elkarretaratzean. Segurtasun neurriak aintzat, elkarren arteko segurtasun distantzia zainduta, eta hori egitea ezin zen kasuetan, aurpegian maskarak zituztela egin zuten protesta ekimena.

15 egun gose greban

Oro har, “euskal preso politikoen eskubideen urraketa sistematikoa” salatu zuten, “osasun alarmarekin areagotu direnak”. Eta zehazki, gose greban dagoen Patxi Ruiz presoaren egora larria salatu zuten. Gaur, maiatzak 25, Txantreako presoak 15 egun bete ditu gose greban. 

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi zuenea, Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greba hasi zuen maiatzaren 11n Murtziako espetxean, han "bizi izan dituen egoera eta mehatxuengatik" protesta egiteko. Xehetasunen arabera, kartzelan eskubide murrizketak izan dira Covid-19aren krisiaren izenean, eta haiek salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten presoek. Ruizi mobilizazioen gidari zela egotzi zioten eta "ondorioak sufrituko" zituela esan zioten. Preso nafarrak hori salatzeko ekin zien protesta ekimenei.