Gaur, ez dute errepiderik moztuko

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 25a, 09:39
Asfaltatze-lanak Mendiola industrialdean.

Goizeko lehen orduan hasi dira asfaltatze-lanak egiten. Baina, Ezozibideko biribilgunean hasi beharrean, Mendiola industrialdean hasi dira obretan. Hori horrela, gaur, behintzat, ez dute Arraikuarainoko errepide zatirik moztuko, eta beraz, zirkulazioa ez dute desbideratuko.

Aurreikusitako moduan, gaur, astelehena, hasi dituzte asfaltatze-lanak. Baina, aurreikuspenak aldatu, eta iragarritako moduan, obrak Ezozibidean hasi beharrean, Mendiola industrialdean hasi dituzte, Laga enpresaren aurreko aldean. 

Hori horrela, aurreikuspena da gaur lanak Ezozibideko biribilguneraino ailegatzea. Bidean, Mendiolako errepidean dauden zulo handiak tapatuko dituzte. 

Zirkulazioa txandaka

Lanak egin bitartean, bertatik pasatzen den zirkulazioa txandaka desbideratuko dute, baina Ezozibideko biribilgunerainoko tartean. Handik gora, gaur, behintzat, lanek ez dute eraginik izango herriko zirkulazioan, eta beraz, ohi moduan pasa daiteke saihesbidetik Estaziorako bidean.

Firmes Alaveses enpresako asmoen arabera, bihar bai, bihar Ezozibideko biribilgunetik gora hasiko dira asfaltatzen, eta orduantxe desbideratuko dute zirkulazioa.