Balkoietako eta leihoetako lore lehiaketa abiarazi du Udalak

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 22a, 10:00
Lehiaketako irazko balkoi irabazlea.

Aurreko lau edizioek izandako arrakastaren ostean, V. Balkoi eta Leihoetako Lore Lehiaketa antolatu du Udaleko Ingurumen Batzordeak; ekainaren 26ra arte dago izena emateko aukera. Bi sari emango ditu Udalak: 150 euro eta 75 euro. Sariak uztailaren 6an banatuko dituzte.

Bosgarren urtez jarraian, maiatza iristearekin batera, Soraluzeko Udaleko Ingurumen Batzordeak V. Balkoi eta Leihoetako Lore Lehiaketa antolatu du.

Lehiaketa horren bitartez, leihoak eta balkoiak lorez apaintzeko "ohitura berreskuratzen lagundu" nahi du Udalak, herriko bazterrak kolorez janztearekin batera, halaber, estetika onurei beharrezko balioa eman nahi zaio.

Ekainaren 26a baino lehen

Lehiaketan parte har dezakete Soraluzeko etxebizitzetako jabe edo errentariak diren bizilagunak, "beti ere, apainketa elementuak oinezkoentzat edo azpiegitura berarentzat arriskutsuak ez direnean".

Lehiaketan izena emateko, parte hartzailearen izen-abizenak eta balkoi edo leihoa identifikatzeko helbidea eman behar dira, ekainaren 26a baino lehen. Bi bide daude horretarako:

  • Udaletxera bertaratuta.
  • 943 75 30 43 zenbakira deituta.

Izen-emate epea bukatuta, epaimahaiak ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean egingo ditu lehiaketara aurkeztu diren balkoien eta leihoen ikustaldiak.

Bi sari

Honako ezaugarriak baloratuko dira:

  • Originaltasuna.
  • Apainketaren kalitatea.
  • Armonia eta diseinua.
  • Iraunkortasuna eta jasangarritasuna.

Bi sari emango ditu Udalak, eta sari banaketa uztailaren 6an egingo dute, 11:00etan, Plaza Berrian:

  • Lehen saria: 150 euro.
  • Bigarren saria: 75 euro.