Gila taberna ere zabalik

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 22a, 11:25
Gila tabernako terrraza, goizean ipini berri duenean.

Atzo, eguena, Gila tabernakoak ere animatu ziren terraza ipintzera. Terraza ipintzen duen erdiguneko lehen taberna txikia da. Gustura daude lehen egunak emandakoarekin, eta gaur, barikua, berriro ere ipini dute. Terraza nasai ipini ahal izateko, zubian bi aparkaleku kendu eta mahaiendako lekua laga die Udalak.

Tabernariei orain artekoa baino dezente lan handiagoa eskatzen die terrazak. Hura ipintzeko, lehenengo mahaia eta jarleku guztiak desinfektatu egin behar dituzte. Zaindu behar dute mahai baten eta bestearen artean bi metroko distantzia gordetzen dela. Ezin dute mahai-zapirik ipini. Bezero bat terrazatik altxatzen den bakoitzean, hark erabilitako guztia desinfektatu egin behar dute… eta noski, terrazan zerbitzatzeko, edariak barran prestatu ondoren, guztiak terrazara eraman behar dituzte. 

Bestalde, mahaien artean gutxieneko distantzia gorde ahal izateko, terrazak ari dira okupatzen normalean okupatzen dutena baino espazio handiagoa. 

Terraza zati bat zubian

Gilaren kasuan, adibidez, zubiko ohiko espaloiaz gain, bi aparkalekuk lagatako espazioa ere erabiltzen ari dira mahaiak ipintzeko, Udalaren baimenarekin. Hori, batetik, mesedegarria da eurendako, mahai gehiago ipini ahal dutelako; baina bestetik, lan handiagoa eskatzen die, edariak zerbitzatzeko tabernatik urrunago joan behar baitira. 

Zailtasunak zailtasun, atzo, eguena, Gila tabernakoek terraza ipintzea erabaki zuten, eta pozik daude “estreinaldiarekin”. Atzokoa ikusita eta eguraldia lagun izanda, uste dute mereziko diela terrazari eustea. Kontatu dute, atzo, oro har, bezeroek errespetatu zituztela bete beharreko neurriak, “bakan batzuek” izan ezik. 

Asteburuari begira

Gaur, barikua, atzera ere atera dituzte mahaiak eta jarlekuak kalera. Orain, asteburuari begira daude, bai Gilakoak, bai Txokokoak eta baita Batzokikoak ere, asteburuak zer emango zain. Apur bat arduratuta ere badaude, asteburuan bezero gehiago joanez gero, hori kudeatu beharra izango dutelako.