Soraluzeko Institutuak telematikoki segituko du eskolak eskaintzen

Erredakzioa 2020ko mai. 21a, 13:34

Institutuko sarrera, gaur, maiatzaren 21.

Eusko Jaurlaritzak, astelehenenetik, maiatzaren 25etik, ikasgeletara itzultzeko aukera mahai-gaineratu zuen. Proposamena egin zuen DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta. Aldi berean, ikastetxe bakoitzari autonomia eman zien erabakitzeko zer egin: eskola presentzialekin hasi edo hezkuntza telematikoarekin segitu. Soraluze BHI Institutuko zuzendaritzak erabaki du, kasu puntual batzuetan izan ezik, orain arte moduan emango dituztela eskolak: telematikoki.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren proposamena aztertu ondoren, Soraluzeko BHI Institutuak erabaki du ikastetxeak orain arte moduan segituko duela lanean: eskolak telematikoki eskaintzen, salbuespenak salbuespen. 

Edurne Burgoa zuzendariak esplikatu duenez, DBHko 4. mailako ikasleei hiru aste besterik ez zaie falta ikasturtea bukatzeko, eta ez dute egoki ikusten orain hezkuntza sistema berriro ere aldatzea: “Guztia dugu antolatuta eskolak telematikoki eskaintzeko, eta horrela segituko dugu. Hori bai, irakasleen ebaluazio bilerak presentzialak izango dira, tutoretzak ere bai, eta baita azken azterketak ere”. 

"Ezinezkoa"

Bestalde, institutuko zuzendariak dio “ezinezkoa” zaiela segurtasun neurriak betetzea: “Ikasleen artean bi metroko distantzia gorde behar bada, gure kasuan, ikasgela bakoitzeko bakarrik 8-10 ikasle kabituko lirateke. Bestalde, ikasleren bat komunera joaten den bakoitzean, hura garbitu egin behar da… Guk ezinezkoa ikusten dugu neurri guztiak behar den moduan ziurtatzea, eta orain arte moduan segituko dugu eskolekin”. 

Ikastetxea zabalik

Hori bai, nahiz eta eskola telematikoekin segitu, astelehenetik ikastetxea bera zabalik izango da eta irakasleak ikastetxera bueltatu egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. “Eskolak telematikoki eskainiko ditugu, baina ikastetxetik. Astelehenean, 4. mailako irakasleak bueltatuko dira, eta ekainaren 1etik aurrera, irakasle guztiak”.