Udal liburutegia liburuak mailegatzen hasi da 65 urtetik gorako herritarrei

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 20a, 13:35

Aste honetan liburuen mailegu-zerbitzua abiarazi egin dute Udal liburutegian, liburutegia bera ezin baita zabaldu. Oraingoz, 65 urtetik gorako bizilagunei zuzendutako zerbitzua da. Zerbitzuaren berri emateko, telefonoz jarri dira harremanetan adinekoekin, eta atzo bertan, martitzena, 10 herritarri liburuak etxera eraman zizkieten. 

Joan den maiatzaren 11n, Soraluzeko Udalak asmoa zuen Udal liburutegiko mailegu zerbitzua abiarazteko liburutegiko erabiltzaile guztiei begira. Lehendakaritzaren dekretuak, aldiz, atzera bota zuen asmo hori. Oraindik ez dagoenez argi noiz hasi ahal izango diren liburutegiko zerbitzua eskaintzen, aste honetan, Udal liburutegiak 65 urtetik gorakoendako mailegu-zerbitzua abian jarri du.

Adinekoek zailtasun handiagoak

Amaia Aldai Agirre liburuzainak esplikatu duenez, “gazteak, zela edo hala, moldatzen dira liburuak eskuratzeko, Interneten-eta. Adineko askok, berriz, irakurtzeko ohitura handia dute, baina ez Interneten ibiltzekoa. Horrexegatik pentsatu genuen haiei eskaintzea zerbitzua”. 

Joan den astean, liburuzaina bera 65 urtetik gorako herritarrekin telefonoz harremanetan jarri eta zerbitzua ezagutzera ematen hasi zen.  Askok sorpresaz hartu zuten proposamena, eta oraindik ez dute libururik eskatu. Hamar bizilagunek, berriz, liburuak eskatu zituzten, eta atzo, martitzena, zaintza sareko Abel Olaizolak etxera eraman zizkien. 

Liburuak berrogeialdian

Behin liburuak irakurri eta haiek liburutegira bueltatu ondoren, hurrengo bi astetan ezin izango dira erabili, liburutegien elkarteak gomendatuta, berrogeialdian ipini behar dituztelako. Dagoeneko hainbat liburu horrela daude, hain justu, aste honetan liburutegitik liburu berriak jaso dituztenek etxean zituzten liburuak dira.

Eskaerak egin ahal izateko katalogoa ondorengo loturan kontsulta daiteke: https://www.katalogoak.euskadi.eus/cgi-bin_q81a/abnetclop?SUBC=GIP/G0271&LANG=eu-ES