Astelehenean hasiko dira asfaltatze-lanak

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 20a, 16:19
Saihesbidea Arraikuatik aurrera.

Astelehenean, Ezozibideko biribilgunetik Arraikua kaleko 3. zenbakiraino asfaltatze lanak egiten hasiko dira. Lanon ondorioz, hango zirkulazioa desbideratu egingo da, Gabolats kaletik; autobusena izan ezik. Autobusek ohiko ibilbidetik zirkulatu ahal izango dute. Halaber, inguruan aparkatutako ibilgailuak erretiratu egin beharko dira.

Datozen asteotan hainbat asfaltatze-lan egingo ditu Soraluzeko Udalak. Astelehenean egingo dituzte lehenengoak: Ezozibideko biribilgunetik gora, Arraikua kaleko 3. zenbakirainoko tartean.

Lanok egin ahal izateko, dagoeneko erretiratu dituzte inguruko edukiontziak. Horrez gain, asteleheneko 08:00etarako, inguruan aparkatuta dauden ibilgailu guztiak ere erretiratu beharko dira.

Geltokia leku berean

Bestalde, lan horiek zirkulazioari ere eragingo diote. Oro har, saihesbidea itxita izango da, autobusendako izan ezik. Autobusek bertatik pasatzen segituko dute, beraz, geralekuak ere bere horretan segituko du, Estaziñoan.
Gainerako ibilgailuek, berriz, Gabolatsetik egin beharko dituzte joan-etorriak.

Behin lan horiek bukatuta, beste bi puntutan hasiko dituzte asfaltatze-lanak: Ezozibideko 14. zenbakiaren pareko errepidean eta Mendiola industrialdean. Datak zehazten dituztenean jakinaraziko dute.

Lanak Firmes Alaveses enpresak egingo ditu, 49.434,50 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).  Patria telesailaren ekoiztetxeak Udalari ordaindutako 47.000 euroekin finantzatuko dira lanok.