Barikuan, odol ateratzeak

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 20a, 11:49
Bi lagun odola ematen, martxoan.

Barikuan, odol ateratzeak egingo dituzte Itxaropena Erretiratuen Elkarteko areto nagusian. Odol emaileen elkarteko kideak ohiko ordutegian bertaratuko dira: 18:30etik 20:30era. Bihartik, eguena, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da; hala, odola ematera doan norbaitek maskararik izan ezean, bertan emango diote bat.

Alarma egoera izan arren, odol emaileen elkarteek segitu egin dute odol ateratzeak egiten. Soraluzen horrela egin zuten martxoan; 23 emaile bertaratu ziren. Orain, berriro deitu dituzte herriko emaileak, barikuan odola ematera joan daitezen. Beti da beharrezkoa odola, baina oraingo egoeran, inoiz baino gehiago.

Hori bai, normalean baino babes neurri handiagoak erabiliko dituzte odol ateratzeak egiteko, bai odola ateratzera datozenek eurek, baita ematera doazenek ere.

Azken horien, odol-emaileen kasuan, adibidez, maskaraz babestuta joan beharko dute odola ematera, bihartik derrigorrezkoa izango baita maskara erabiltzea. Edozelan ere, norbaitek halakorik ez badu, odol emaileen elkartekoek emango diote han bertan.