Bihartik, eguena, maskarak derrigorrezkoak izango dira

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 20a, 10:00
Emakume bat maskararekin kalean, gaur, eguaztena.

Gaur, eguaztena, BOE Estatuko buletinak argiratu du, aurrerantzean, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango dela pertsonen artean bi metroko distantzia gorde ezin den kasu guztietan. Derrigortasuna 6 urtetik gorako bizilagunei dagokie. Sudurra eta ahoa, biak tapatuko dituen maskara erabili beharko da. Agindua bihar, eguena, sartuko da indarrean.

Bihartik, eguena, maskarak derrigor erabili beharko dira kalean, espazio publikoetan, zein espazio itxietan, pertsonen artean, gutxienez, bi metroko distantzia gorde ezin den kasuetan. 6 urtetik gorako bizilagun guztiek erabili beharko dituzte maskarak. 3-5 urte bitarteko umeei dagokienez, berriz, BOEn argitaratutako aginduaren arabera, haiendako “gomendagarria” da maskararen erabilera.

Bihar indarrean sartuko den aginduak dio, edozein motako maskarak erabili ahalko direla, baina hobetsiko direla maskara kirurgikoak eta higienikoak, eta kasu guztietan, sudurra eta ahoa, biak estaliko dituzten maskarak erabili beharko direla.

Maskaren erabileratik salbuetsita izango da honako kasuak: 

  • Arnas arazoak dituzten pertsonak.
  • Justifikatutako osasun arazoengatik edo ezintasun eta mendekotasun egoerengatik maskarak erabiltzea kaltegarri gerta daitekeenean.
  • Maskara erabiltzea galarazten duten jarduerak egitean.
  • Ezinbestean ezin bada erabili.