“Ondo” joan zen lehen eguna

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 19a, 11:02

Jendea terrazetan atzo, astelehena.

Atzo, astelehena, Txokok eta Batzokiak terrazak ipini zituzten, bi hilabetez tabernak itxita izan ondoren. Orain arte baino azalera handiagoa hartu zuten terrazek, Udalak baimenduta. Eguerditik aurrera, herritar asko bertaratu zen haietara, bat edo bat, bazkaltzen ere gelditu zen, eta iluntzean ere jendetsu ikusten zen plaza. Hori bai, segurtasun neurriak zorrotz zaindu zituzten, eta tabernarien esanetan, bezeroak “formal” ibili ziren.

Eurek eskatuta, eta Udalak baimenduta, Plaza Zaharreko tabernariek orain artekoa baino azalera handiagoa eman diete terrazei. Batzokiak Plaza Zaharraren goiko aldera eta tabernaren alboko balkoira joz egin du hori. Txokok, berriz, plazako karparen ondora zabaldu du terrazara. Hartara, biek ala biek terrazetako mahaiak bi metroko segurtasun distantzia mantenuz ipini dituzte. 

Lana ondo egiteko moduan

Atzo, astelehena, izan zuten estreinaldia bi terraza horiek, eta eguna “ondo” joan zela kontatu dute tabernariek. Jon Basauriren esanetan, herritar nahiko bertaratu bazen ere, egin beharreko lana ondo egiteko aukera izan zuten; hau da, edariak-eta zerbitzatzeko denboraz gain, mahaiak desinfektatzeko eta bestelakoetarako astia ere izan zuten. Gainera, kontatu du jendea “formal” ibili zela, eta ez zela ilararik sortu.

Bazkariak eta pintxoak

Txokoko Lukik ere antzerako balorazioa egin du. Hark kontatu du eguerditik iluntzera arte jende nahiko egon zela terrazan; eta hasieran, espaloiaren beste aldean ipinitako mahaitxoekin kezka izan bazuen ere, bezeroek “ondo” errespetatu zituztela jarraibideak. “Nahiz eta mahairen bat hutsik ikusi, han eseri baino lehen, jendeak galdetu egiten zuen eta guk esan arte itxaron”. Txokon bazkaltzen geratu zenik ere izan zen, eta pintxoak ere gertu dituzte. 

Terrazetako jarraibideak

Bestalde, udaltzainak uneoro izan ziren terrazetara joan-etorriak egiten, eta horrez gain, tabernariek bista-bistan jarri dituzte jarraitu beharreko arauen zerrendak. Honakoak:

  • Egon zain, mesedez, zerbitzaria etorri arte.
  • Ez eseri aulkietan zerbitzariak esan arte.
  • Garbitu eskuak gelarekin mahaian eseri aurretik eta ondoren. Baita komunera joan aurretik eta ondoren ere.
  • Terrazako aulkietan eserita daudenei bakarrik zerbitzatuko zaie.
  • Komunera banan-banan bakarrik joan daiteke, ez bada haurrekin edo menpeko pertsonekin.
  • Ordainketa txartelarekin egitea onuragarria litzateke.
  • Beste bezero batzuk mahaietan esertzeko zain badaude, eserialdi luzerik ez egitea eskertuko dugu.
  • Guztion hobe beharrez zaindu distantziak, mesedez!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.