Terraza itxi egin behar

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 18a, 12:27
Asigor taberna zabalik, gaur, astelehena.

Atzo, domeka, Asigor tabernako terraza itxi egin zuten, bezperako gertakariek eraginda. Zapatuan, 50-60 bat lagun bertaratu ziren, horien artetik %90 gazteak. Tabernakoek esandakoaren arabera, “ezinezkoa” egin zitzaien haien artean segurtasun neurriak errespetatu eragitea. Ertzaintza ere bertaratu zen. Gaur, egoera bareagoa izango dutelakoan, berriro ere zabaldu dute terraza.

Barikuan, eta batez ere zapatuan, jende ugari joan zen Asigor tabernaren terrazara, gazteak ia guztiak. Zapatu arratsaldean, 50-60 bat lagun elkartu zen bertan, Jose Luis tabernariak kontatu duenez. Hark dio hasieran “formal” egon zirela, baina iluntzea iristeaz bat, segurtasun neurriak errespetatzeari laga egin ziotela.

"Ezinezkoa"

Halaxe kontatu du Jose Luisek: “Ezinezkoa zen haiek menderatzea. Bata bestearen gainean zeuden, elkarri besarkatzen… auzokide batek Ertzaintzari deitu zion. Eta etorri egin zen Ertzaintza. Haiek esan zuten horrela ezin zela. Horrela jarraituz gero, 6.000 euroko isuna jaso genezakeela. Baina guk ezin menderatu gazteak. Azkenean, erabaki genuen atzo arratsaldean, domeka, ez zabaltzea, badaezpada. Gaur, berriz, herrian beste terraza batzuk ere zabaldu dituztela jakinda, gurea ere zabaldu dugu, jendea banatuago egongo delakoan”. 

Honako arauak jarri dituzte tabernaren kanpoko aldean:

  • Egon zain, mesedez, zerbitzaria etorri arte.
  • Ez eseri aulkietan zerbitzariak esan arte.
  • Garbitu eskuak gelarekin mahaian eseri aurretik eta ondoren. Baita komunera joan aurretik eta ondoren ere.
  • Terrazako aulkietan eserita daudenei bakarrik zerbitzatuko zaie.
  • Komunera banan-banan bakarrik joan daiteke, ez bada haurrekin edo menpeko pertsonekin.
  • Ordainketa txartelarekin egitea onuragarria litzateke.
  • Beste bezero batzuk mahaietan esertzeko zain badaude, eserialdi luzerik ez egitea eskertuko dugu.
  • Guztion hobe beharrez zaindu distantziak, mesedez!