Zabaldu dituzte terrazak

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 18a, 10:36
Txokoko terraza zabalik, gaur goizean, astelehena.

Goizean goiz atera dituzte mahaiak Plaza Zaharrera terrazarik handiena duten herriko bi tabernek, Txokok eta Batzokiak. Berehala bertaratu dira lehen bezeroak. Oraingoz, tabernariek ez dute terrazan egoteko ordu-mugarik ezarri, baina egunak aurrera egin ahala, terrazak bete eta jendea zain dagoela ikusten badute, ez dute baztertzen halako neurriren bat hartzea. 

Gaur goizean, azken bi hilabete eta erdian ikusten ez zen irudia erakusten du Plaza Zaharrak: Txokoko eta Batzokiko terrazak ipinita eta jendea kafea hartzen.

Hori bai, mahaiak bata bestearengandik ohi baino urrutirago daude; terraza bietan daude ipinita gel desinfektatzailea duten poteak, eta taberna barruak hutsik daude. Horrez gain, terrazak zabaldu eta berehala bertaratu da Udaltzainburua, tabernariekin segurtasun neurriez berba egitera. 

Akaso, neurriak hartu behar

Lehen bezeroak ere laster eseri dira terrazetan. Hasieran, gutxi samar, baina seguru goizak aurrera egin ahala, gehiago gerturatuko direla. Ikusten duten egoeraren arabera jokatuko dute tabernariek. Hau da, oraingoz, ez dute terrazetan egoteko ordutegi mugarik ipini. Inguruko herrietan bai, ordea. Adibidez, Eibarren ordu erdiko egonaldiko muga duten terrazak daude; Bilbon, berriz, ordubeteko muga ipini dute. Soraluzen ere, ez dute baztertzen halakorik egitea.