MARRAZKI LEHIAKETA

30 marrazki aurkeztu dituzte, oraingoz

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 15a, 19:08

Marrazki lehiaketara aurkeztutako hainbat marrazki.

Domekan, maiatzaren 17an, bukatuko da Haur eta Gaztetxoendako Marrazki lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Urtero garai honetan kalean antolatzen duten marrazki-lehiaketaren online bertsioa da horrakoa. Gaur arte, barikua, 30 lan aurkeztu dituzte. Parte-hartzaile guztien artean sei sari zozketatuko dituzte.

Harrera ona izaten ari da Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak eta Krabelin Pintura Eskolak antolatutako #MarraztuEtxean izeneko marrazki-lehiaketak. Orain arte, 30 lan aurkeztu dituzte, eta oraindik bi egun daude gehiago aurkezteko. Urteko garai honetan kalean antolatu ohi den marrazki lehiaketaren online bertsioa da #MarraztuEtxean lehiaketa. 

0-15 urte

Gai librean, 0 eta 15 urte bitarteko edozein haur eta gaztetxok parte har dezakete lehiaketan, zuri-beltzean zein koloretan egindako marrazkiekin. Haur bakoitzak marrazki bakarra bidali ahal izango du.

Lehiaketan parte hartzeko, etxean marraztutako marrazkiari argazkia atera behar zaio (mugikorrarekin atera daiteke) eta honako helbidera bidali: marraztuetxean@gmail.com. Argazkiarekin batera, adierazi behar dira haurraren izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia. 

6 sari

Parte-hartzaile guztien artean 6 sari zozketatuko dituzte: 50 euroko balioa duten txartelak, herriko saltokietan erabiltzeko. Astelehenean jakinaraziko dituzte zeintzuk diren saridunak. Halaber, astelehenetik, lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiak Plaentxia.eus atarian ikusi ahal izango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.