Asteburuan, tabernek itxita segituko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 15a, 15:42
Txoko taberna, kanpotik.

Terraza txikiak dituzten tabernen gehiengoak erabaki du bezeroak taberna barruetara sartu ahal izan arte ez dutela zabalduko. Batzokiak eta Txokok, berriz, astelehenera arte, maiatzaren 18ra arte itxarongo dute terraza ipintzeko.

Aste honetako astelehenenetik, ostalariek terrazak ipintzeko baimena dutenetik, herriko hiru establezimenduk bakarrik ipini dituzte mahaiak eta jarlekuak kalean: Mendizabal okindegiak, Txuritxu gozotegiak eta Asigor tabernak. 

Asteburuan, egoera ez da aldatuko. Izan ere, terraza handienak ipini ahal dituzten tabernariek, Batzokiak eta Txokok, erabaki dute nahiago dutela astelehenera arte itxaron, eta terrazarekin “poliki-poliki” hasi, batik bat, segurtasun neurriak hobeto zainduko direla ziurtatzeko. Hortaz, biek ala biek astelehen goizean ipiniko dituzte terrazak.

Barrura sartu arte

Terraza txikiak dituzten tabernarien gehiengoak, berriz, erabaki du bezeroak taberna barruetara sartu ahal izan arte (maiatzaren 24) ez dutela zabalduko. 

Kontua da, terraza ipintzeko aukera izan arren, oso baldintza zorrotzak bete behar dituztela tabernariek, eta nahiago dute apur bat gehiago itxaron, zorroztasuna zertxobait malgutu arte. Edozelan ere, bihar, zapatua, tabernariak elkarrekin batzartuko dira egoera aztertzeko. 

Baldintzak

Gaur gaurkoz, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: 

  • Terrazetan ezin da inor zutik egon, eta norbait horrela badago, tabernariak 2.000-6.000 euro arteko isuna jaso dezake.
  • Tabernariak eurak arduratu behar dira bezeroak segurtasun neurriak betetzen dituztela ziurtatzeaz; beraz, zerbitzari lanak betetzeaz gain, eurak ibili behar dira baita zaindari lanak egiten ere.
  • Bezeroek euren artean bi metroko distantzia gordetzen dutela zaindu behar dute tabernariek.
  • Mahaien artean ere bi metroko distantzia gorde beharra dago.
  • Tabernako komunak egunean sei bider garbitu behar dituzte. Horrez gain, bezeroren bat komunera joaten den bakoitzean, komuna garbitu egin behar dute.
  • Bezero bat terrazatik joaten den bakoitzean, hark erabili dituen mahaia eta jarlekua garbitu egin behar dira gel bereziarekin.