Enpresek "beharrezko" ikusten dute "industria-sektorearen eskaera berraktibatzea eskualdeko jarduera sustatzeko"

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 15a, 13:30
BPTD elkartearen batzordea. Argazkia: Debegesa.

Joan den barikuan, BPTD Enpresa-Elkartearen batzordeak bilera berezia egin zuen aztertzeko zenbatekoa den Covid-19 gaitzak ekarritako osasun-krisiak eskualdeko enpresetan duen eragina, eta neurriak proposatzeko industria-sarea mantendu eta sendotzeari begira.

Debegesak prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, joan den asteko barikuan, Basque Precision Technology District (BPTD) Enpresa-Elkartearen Batzordeak bilera egin zuen bazkide dituen enpresetan osasun-krisiaren ondorioak eta eragina aztertzeko. 

Kezka

Debegesaren esanetan, enpresa horiek “ahalegin handia” egin dute osasun-krisiak ahalik eta eraginik txikiena izan dezan enpresetako langileengan. Baina gaineratu du, horrekin batera, enpresek kezka helarazi dutela “euren jarduerak epe ertainean izan dezakeen bilakaeraz”, eta esan dutela “beharrezkoa dela industria-sektorearen eskaera berraktibatzea, eskualdeko jarduera sustatzeko”.

Bestalde, industria-enpresa gehienek duten ezaugarrietako bat esportazioa dela kontuan hartuta, haiek “kezka handia” partekatu dute “mugak eta aireko espazioa itxita egoteak” ekar ditzakeen ondorioengatik, izan ere, “eskualdeko enpresa askorentzat beharrezkoa da merkataritza edo bezeroarentzako arreta euren jarduera berreskuratzeko”.

%59ak ez du jarduera eten

Debegesak gaineratu du, egindako inkesta baten arabera, maiatzaren 6ean, enpresen %59ak ez duela bere jarduera eteteko beharra izan koronabirusaren ondorioz, eta bakarrik %6ak eten duela erabat bere jarduera. 

Bestalde, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak jakinarazi du BPTD elkarteko enpresen %44ak ABEEren (Aldi Baterako Enlegu Erregulazio Espedientea) bat aplikatu du, eta horien artean %25ak ABEE murriztua aplikatu du. Horrekin batera dio fakturazioan %30eko eragina aurreikusten dela 2020ko zenbaketan.

"Zentzu handiagoa"

Testuinguru horretan, maiatzean urtebete egin duen BPTD Enpresa-Elkarteak uste du taldeak bultzatzen dituen lankidetza-proiektuek inoiz baino “zentzu handiagoa” dutela. Aurten, besteak beste, talentua erakarri eta atxikimenduarekin zerikusia duten proiektuak garatzen ari dira, barne ekintzailetza sustatzeko lan egin dute, eta elkarteko enpresentzat jardunaldi teknologikoak eta bestelakoak antolatzen ari direla jakinarazi dute.

Halaber, Debegesak gogora ekarri du BPTD Enpresa Elkartea harremanetan dagoela Goierri Valley, Enpresare, ADEGI eta Confebask elkarteekin. Horrez gain, dio BPTD Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari dela administrazioei BPTDren ekintza-lerroen eta eskualdean garatzen ari diren proiektu estrategikoen berri emateko, informazioa partekatzeko eta egungo krisiari irtenbiderik onena aurkitzen laguntzeko.