Ertzaintza bidegorria zaintzen ari da, Bergarako ordutegiarengatik

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 15a, 11:38
Bidegorria belarrak moztu berri. Argazkia: artxiboa.

Astelehenaz geroztik, baimenduta dago ondoko udalerrietara joatea, besteak beste, kirola egitera edo paseoa ematera. Hori horrela, soraluzetar askok Osintxuraino edo Bergararaino luzatu dituzte paseoak zein kirol jarduerak. Askok, baina, ez dute betetzen paseoak edo kirola egiteko Osintxun indarrean dagoen ordutegia, edo ez dute haren berri. Egunotan, Ertzaintza bidegorrian izan da, eta hainbat herritarrek ordutegia errespetatu beharrari buruzko ohartarazpena jaso dute. 

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, egunotan sarri bertaratu zaizkie herritarrak bidegorrian paseoa edo kirola egiteko errespetatu beharreko baldintzez galdezka. Horrez gain, Ertzaintza bidegorrian bertan  dabil jendea ohartarazten, Osintxura joanez gero, hango ordutegiak errespetatu egin behar direla.

Izan ere, Soraluzen ez dago ordutegirik. Baina Bergaran bai, eta ondorioz, baita Osintxun ere. Honakoak dira kirola egiteko edo paseatzeko hango ordutegiak:

  • 06:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenen kasuan eta 70 urtetik gorakoen kasuan; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urtetik beherako umeen kasuan.
  • Paseoa, asko jota, ordubetekoa izan ahal da.
  • Kirola egiteko ez dago denbora-mugarik. 

Esandako moduan, oraingoz, Ertzaintza ohartarazpenak egiten ari da. Baina lehen abisua jaso duenak bigarrenean isuna jasotzeko arriskua dauka.