Garbitzaileek eskatu dute maskarak, eskularruak eta beste behar den tokira botatzeko

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 13a, 09:12

Herriko kale-garbitzaileek kezka helarazi dute, asteotan erabilitako maskarak eta eskularruak lurretik batzen ibili behar izan dutelako. Prebentziorako material hori koronabirusaz kutsatuta egon daiteke, eta herritarrei eskatu nahi diete, mesedez, dagokien lekura bota dezatela.

Kale garbitzaileek kontatu dutenez, egunero jaso behar izaten dute maskararen bat lurretik; domekan, adibidez, bost batu behar izan zituzten, eta diote eskularru mordoxka bat ere batu behar izaten dutela.

Gogora ekarri dute norbere prebentziorako material horiek kutsatuta egon daitezkeela, eta ondorioz, eurek duten kutsatzeko arriskua handitu egiten dela.

Ildo beretik, eskari bera egin dute pipa-azalekin lotuta. Ohitura handia dago haiek lurrera botatzeko, eta pipa-azalek txistu asko izan ohi dute, horrek dakarren arriskuarekin.