Gurutze Gorriak 169 pertsonari banatzen die janaria Soraluzen

Egoitz Unamuno 2020ko mai. 13a, 08:00
Gurutze Gorriko kideak Santa Anako udal-biltegian.

Azken asteotan, laguntza eskatu duten herritarren kopuruak gora egin du, batez ere janaria behar dutenenak eta momentu honetan, Gurutze Gorriak 169 pertsonari banatzen die janaria Soraluzen. Sonia Rodriguez Gurutze Gorriko arduradunaren esanetan, "Soraluzek arazo gogorra du pobreziarekin". 

Julian Rodriguez Gurutze Gorriaren Elgoibarko arduradunak adierazi duenez, Covid19-aren krisia lehertu zenetik, Soraluzen familia gehiagok eskatu dute laguntza; eskariek gora egin dute eta arazoak dituzte janaria behar duten guztiei erantzuteko. “Lehendik egoera ekonomiko okerrean zeudenak diru-sarrerarik gabe gelditu dira eta gainera, lehen eskolako jan-geletan jaten zuten seme-alabei orain etxean eman behar diete jaten. Egia esan, arlo horretan [janari banaketarenean] gainezka eginda gaude. Elikagaien bankua geldi dago eta beste bide batzuk bilatu behar izan ditugu janaria biltzeko.”

"Soraluzek arazo gogorra du pobreziarekin"

Zenbakitara eroanda, Gurutze Gorriak Soraluzen 169 pertsonari (47 familia) banatzen die oinarrizko laguntza: janaria, ume txikien mantenurako materiala, fakturak ordaintzea. Horietatik 17, 3 urtetik beherako haurrak dira. Bestelako laguntza, etxez-etxekoa, 17 familiari eskaintzen die.

Sonia Rodriguez Gurutze Gorriko arduradunaren esanetan, “Soraluzek arazo gogorra du pobreziarekin. Bailarako pobrezia-tasa altuena du eta orain etorriko den krisiak egoera are eta gehiago okertuko du", .

Lehen aldiz, herriko boluntarioak

Ostera, txanponak badu beste alde bat, positiboagoa eta hori boluntarioena da. Izan ere, larrialdi egoera honetan, Gurutze Gorriak, lehen aldiz, herriko boluntarioak ditu: 21 boluntario, hain zuzen ere eta horri esker, erakundeak modua du zerbitzua “hobeto" eta zerbitzu "gehiago” eskaintzeko. Etorkizunean, herrian boluntarioak izaten jarraituz gero, Gurutze Gorriak probrezia egoeran dauden familiei laguntzeko zerbitzu gehiago eskaini ahalko lituzke herrian, esate baterako, eskolan zailtasunak dituzten umeendako errefortzu saioak, dagoeneko Elgoibarren eskaintzen dituzten bezala: "Arratsaldetan, boluntarioek etxekolanak egiten laguntzen diete umeei eta merienda ere ematen diete".