Hileta elizkizunak eta asteburuko ospakizunak egiten hasiko dira

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 12a, 11:30
Parrokiaren aurreko aldea, gaur, maiatzak 12.

Atzo ezkero, astelehena, Andre Mariaren Zeruratze Parrokiak zabaltzeko aukera dauka. Horrela egitea erabaki du On Luis apaizak, baina bakarrik egingo dituzte hileta elizkizunak eta aste bukaerako mezak. Horietan ere, prebentzio neurriak ezarriko dituzte. Bestalde, gurasoekin batera erabakiko dute aurtengo Lehen Jaunartzeekin zer egin. 

Aurrerantzean, parrokian atzera ere egingo dituzte hileta elizkizunak, eta asteburu honetatik bertatik, mezak esango dizute.

Hori bai, elizan ere, prebentzio neurriak ezarriko dituzte, honakoak:

  • Lehen fase honetan, jarleku bakoitzean, asko jota, hiru pertsona eseri ahal izango dira, izkina banatan eta erdian.
  • Bigarren fasean, eliztar bakoitzeko hutsune bat laga beharko da jarlekuetan.
  • Adinekoak, gaixoak edo arrisku-egoeran daudenak gonbidatuko dituzte ospakizun publikoetara itzultzeko aukera atzeratzera.
  • Fededunei gogora ekarriko diete elizkizunetan maskarak erabiltzea gomendagarria dela.
  • Arduradunak izendatuko dituzte, fededunei non eseri behar diren adierazteko, fededunen sarrera-irteerak ordenatzeko eta haiek sarbideetan taldeka elkartuko ez direla ziurtatzeko.
  • Elizara sartzean zein irtetean gel hidro-alkoholiko desinfektatzailea eskainiko dute.
  • Ospakizunetan, eta bereziki Jauna hartzerakoan, kontaktu fisikoa saihesteko neurriak hartuko dituzte. Adibidez, Jauna banatu behar dutenek eskuak desinfektatuko dituzte, aurretik eta ondoren.
  • Oro har, tenplua, liturgiako tresnak eta abarrak “etengabe” desinfektatuko dituzte.

Komunioak ala jatetxeak?

Bestalde, orain arte eliza itxita egon denez, joan den asteburuan egitekoak ziren jaunartzeak bertan behera geratu dira. On Luis apaizak esplikatutakoaren arabera, bi aste barru batzarrak egitea posible izango da, eta orduantxe elkartuko dira jaunartzeak egin behar dituzten umeen gurasoekin. Haiekin batera erabakiko dute noiz egingo diren ospakizunak: “Pentsatu beharko dute zer den garrantzitsuagoa, komunioa egin edo jatetxeetara joan. Ze komunioak, adibidez, datorren astean bertan egin daitezke, baina oraindik jatetxeek ez dituzte zabalduko. Zeri eman lehentasuna, hortxe dago kontua”.