Gaur, terrazetan egoteko atzo baino aukera gutxiago

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 12a, 10:02
Pertsona bat kafea hartzen Txuritxuren kanpoko aldean.

Atzo, astelehena, tabernariek terrazak ipintzeko aukera izan zuten, baina bik bakarrik jarri zituzten: Mendizabal okindegiak eta Txuritxu gozotegiak. Jende ugari bertaratu zen Txuritxuren terrazara. Eta pertsonen arteko segurtasun distantzia ez zen errespetatu. Hori horrela, ugazabak erabaki du gaur arratsaldean ez duela mahai estrarik ipiniko. Bestalde, gainerako tabernariak udal ordezkariekin izango duten batzarraren zain daude. Han adosten dutenak zeresan handia izango du terrazak zabaldu ala ez erabakitzeko orduan. Eguenean dute hitzordua. 

Atzo, Mendizabal okindegiak lau mahai atera zituen saltoki kanpora, eta Txuritxu gozotegiak, berriz, hiru, goizeko biez aparte. Mendizabalenekoek kontatutakoaren arabera, Kalebarrenen ez zen jende larregi ibili. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta bezero gutxi egon ziren haien mahaietan eserita. Hala ere, gaur ere ipiniko dituzte lau mahai Kalebarrenen, 17:00-19:00etara.

Hori egiten bakarra izango da okindegia. Izan ere, Txuritxu gozotegiak atzo baino mahai gutxiago aterako ditu gaur arratsaldean. Pili Espigak kontatu duenez, atzo “txarto” pasatu zuen. 17:00etatik itxi zuen arte, 25-30 bat lagun izan zituen terrazan; batzuk, gainera, -gazteak- talde handietan joan ziren, haiek ez daukate-eta elkarrekin egoteko eskubiderik terraza batean ez bada. 

Segurtasun distantzia ezin bermatu

Haien egoera ulertu arren, Espigak ikusi zuen, oro har, ez zela segurtasun distantziarik errespetatu, ez bakarrik gazteengandik. “Batzuk mahaietan eserita egon ziren, baina beste batzuk haien inguruan geratu ziren, zutik, berriketan. Gainera, pasadizoan zetorren jendea terrazan zeudenekin berbetan geratzen ziren. Ez zen errespetatu segurtasun distantziarik, nik hori ezin dut bermatu, eta gaur bakarrik aterako ditut goizean ipini ditudan mahai berberak, eta gainera, 19:00etan itxi egingo dut, kalean ahalik eta jende gutxien ibil dadin”, esplikatu du.

Gainerako tabernariei dagokienez, Plaentxia.eus atarian iragarri zuten ez zutela zabalduko, eta atzo horrela egin zuten, uste dutelako, ezarritako baldintzekin, ez dela errentagarria taberna zabaltzea. Etzi, eguena, batzarra dute udal ordezkariekin. Erabakigarria izango da hitzordua. Izan ere, errentagarritasuna handitze aldera, hainbat eskera egin dizkiote Udalari. Batzarrean adosten dutenaren arabera erabakiko dute askok terrazak zabaldu ala ez.