Bi lapurreta saiakera

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 11a, 18:04

Estankoa gaur goizean, astelehena.

Bart gauean, bi lapurreta saiakera izan dira herrian: Estankoan eta Iratxo goxo-dendan. Estankoan gauerdia baino lehen saiatu dira barrura sartzen, ondoko ataritik. Iratxo goxo-dendan, berriz, goizaldeko hirurak aldera, han ere ondoko ataritik. Gauean bertan bertaratu da Ertzaintza, eta Segurtasun Sailetik esandakoaren arabera, ikerketa zabalik dute.

Bart, gauerdia baino apurtxo bat lehenago, Gabolats kaleko bizilagun batek pertsona bat ikusi du Estankoaren ondoko atarian zerbait arraroa egin nahian. Arreta eman dio gertakariak, eta badaezpada, Ertzaintzari eta Estankoko jabeari, biei abisu eman die berehala. Haiek bertaratu direnean, 00:30ak baino lehentxeago, jabetu dira norbait Estankoaren ondoko ataria indarrez zabaltzen ahalegindu dela. 

Segurtasun Sailak emandako xehetasunen arabera, lapurreta ahalegina izan delakoan, gertakaria ikertzen ari dira.

Sarraila-zilindroa apurtuta

Bestalde, gaur goizean Iratxo goxo-dendara lanera joatean, Itziar Agirre ugazabak zerbait arraroa sumatu du saltokiaren ondoko atariko sarrailan. Arreta handiagoarekin begiratu duenean, ikusi du saltokira sartzeko atari barruko atearen sarraila-zilindroa indarrez zabaltzen ahalegindu direla. 

Agirrek berehala jarri du salaketa Udaltzaingoan. Halaber, saltokira egunkariak eramaten dizkion banatzaileak jakinarazi dio, bart gauean atarira sartu denean, zerbait arraroa sumatu duela, bertan norbait balego-edo. 03:00ak aldera izan da hori. Beraz, uste dute orduantxe izan dela lapurreta saiakera. 

Zorionez, ez Estankoan eta ezta Iratxo goxo-dendan ere, ez dute lortu saltokietara sartzerik.