Musika Eskolak online ematen ditu eskolak

Egoitz Unamuno 2020ko mai. 12a, 08:00

Musika Eskolak ez du eten bere jarduna. Lehenengo astetik dihardu eskolak telematikoki eskaintzen.

Martxoaren 16an, larrialdi egoera ezarri osteko lehen lanegunetik bertatik hasi zen Musika Eskola bere jarduna telematikoki bideratzen.  Nagore Sanz eskolako zuzendariak azaldu duenez, hasieratik erabaki zuten eskolak ematen jarraitzea, jarduera bertan behera laga ezkero, arazo asko ekar zitzakeelako eskolaren kudeaketan. “Konplikatua izan da zerbitzua telematikoki bideratzea. Ikasle guztiak ez daude egoera berean, batzuk oso ondo moldatu dira eta beste batzuei gehiago kostatzen ari zaie, hainbat faktorerengatik. Gainera, interneten dena geldoagoa da, denbora gehiago behar da gauza bera egiteko, baina erreminta berriak ere baditugu eta aurrera goaz”.

%30eko deskontua taldekako eskoletan

Aste honetan bertan, Musika Eskolako zuzendaritzak erabaki du taldekako eskoletan %30eko deskontua ezartzea, ikasle bat baino gehiago dauden eskoletan zerbitzu egokia bermatzea zailagoa delako. Horrekin batera, zuzendaritzak erabaki du “kontuan izatea" ekonomikoki larri dauden edo beste edozein arazo suertatu zaien familien egoera, beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzeko.