Gaurtik, Euskal Autonomia Erkidegoa konfinamendua arintzeko lehen fasean sartu da; hori bai, lehen fasean dauden bestelako lurraldeak baino murrizketa handiagoekin. Lehendakaritzak gauerdian argitaratu duen dekretuak zehazten du zer egin daitekeen eta zer ez. .
Arau berriak
Dekretuaren arabera, honako arauak sartu dira indarrean:
- Ondoko udalerrietaraino joan daiteke kirola egitera; baina 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ezarrita dauden ordutegiak kontuan hartzea beharrezkoa izango da: 6:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenen kasuan eta 70 urtetik gorakoen kasuan; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urtetik beherako umeen kasuan.
- Paseatzeko kilometro bateko muga kendu egin dute. Orain, adibidez, soraluzetarrek posible dute paseoan Osintxuraino joatea. Baina, orain arte moduan, asko jota ordubetez paseatu ahal izango da, eta kirolarekin gertatzen den moduan, Osintxura joanez gero, kontuan hartu beharko da paseoak egiteko han indarrean dagoen ordutegia.
- Etxebizitza berean bizi diren kide guztiak elkarrekin irten ahal izango dira, oinez zein kotxez. Kasu horretan, maskara barik.
- Umeekin guraso biak batera irten ahal izango dira. Baina umeek, asko jota, ordubetez egon ahal dira kalean.
- Udal liburutegiak itxita segituko du.
- Udal kirol instalazioek itxita segituko dute. Kirol instalazio pribatuak, berriz, zabaldu ahal dira, prebentzio neurri zorrotzekin. Gainera, “kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte”.
- Ostalariek eta tabernariek ez dute ordutegi mugarik; hau da, euren establezimenduak zabaldu ahal izango dituzte 06:00ak eta 23:00ak bitartean.
- Tabernen terrazetan egoteko mugarik ez da izango. Eta posible izango da ondoko udalerrietako terrazetara joatea, dekretuaren 3. puntuaren arabera: “Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko”.
Bestalde, lurraldeen arteko mugikortasunari dagokionez, zera dio Lehendakaritzak gauerdian argitaratu duen dekretuak: «Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.. Aldi berean, baina, mugikortasuna mugatzea gomendatzen du: “Behar-beharrezkoa ez den guztietan mugikortasuna murriztea komeni da”.
10 kide elkarrekin
Esan beharra dago, baina, dekretu hori dela des-konfinamenduaren lehen faseak zehazten dituen arauen osagarri, kasu horretan, Espainiako Gobernuak ezarritako arauen osagarri.
Izan ere, Espainiako Gobernuak lehen faserako ezarritako bestelako arau batzuk bere horretan ezarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Adibidez:
- Etxebizitza berean, familiako 10 kide elkartu ahal izango dira.
- Terrazetan 15 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira, prebentzio neurriak ezarrita.
- Gurtze-guneak (elizak, meskitak…) zabaldu ahal izango dira, prebentzio neurriak ezarrita.
- Ibilgailu pribatuetan, etxebizitza bereko kideek normal bidaiatu ahal izango dute. Etxebizitza berean bizi ez direnak, berriz, jarleku-fila bakoitzeko pertsona bakarrak bidaiatu ahal izango du.
- Garraio publikoetan, bidaiari bakoitzak libre izan beharko du ondoko jarlekua. Eta maskara derrigorrezkoa da.
- Hiletetara, asko jota, 15 lagun joan ahal izango dira, aire librean. Barruan, berriz, asko jota 10 lagun elkartu ahal izango dira.
Hona hemen mugikortasunarekin lotuta, BOEn argitaratutako agindua osorik irakurgai.