Maiatzak 1
1698 urtean Santa Ana komentuko lehen kanpaia jarri zuten. Komentua sei urte lehenago hasi ziren eraikitzen (1692).Kanpai-hormak bi kanpaientzako tokia bazuen ere, bigarrena ehun urte beranduago jarri zuten (1806). (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 3
Gurutze Santuaren eguna". Hurrengo igandean Irukurutzetako erromeria ospatzen da, trikuharri ondoko zelaian, Kurutzazarren ondoan. Hasieran, segururena, Kurutzazarreko erromeria izango zen (gurutze zaharrena bertan egonda).
Aintzinean, Lezarrisoroko (Osintxuko baserria, Muskiritsu bailaran) agurea Irukurutzetako tontorrera urtero igotzen omen zen, maiatzako lehen igandean, bere kapelaren zintan gurutze bat zeramala. Berarekin jende asko joaten zen, eta inguruko herrietako ehundaka lagun hurreratzen ziren: azkoitiarrak, elgoibartarrak, osintxuarrak, plazentziatarrak… Arratsaldean Konjuruaren erritua egiten zen uztak ziurtatzeko. 2000 urtetik hona berriro ospatzen ari da, maiatzeko lehen domekan, soraluzetarrek eta osintxuarrek elkarrekin antolatzen dutela.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 3
1780 urtean, Liman emandako eskritura baten biez, Juan Ignacio Obiaga doktoreak 8.000 peso bidali zituen Soraluzera, bertan Hil-hurrenen kapelautza sortzeko, bere animaren alde mezak bermatzeko asmoarekin.
Diru horrekin batera beste horrenbeste bidali zituen, herrian gari, arto eta beste hazi batzuen biltegia sortzeko. Erakunde hauei Erruki-kutxa ere esaten zitzaien, eta labore-bankuak izaten ziren: laborea (garia, artoa...) baserritar behartsuei ematen zieten errentan, hauek erein ahal izateko, eta uzta jaso eta gero etekinak kobratzen zizkieten, laboretan ere. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 4
Soraluzeko Udal Artxibategi Historikoko agiri batek dioenez, 1814 urtean Irukurutzeta errebuelta parean gizona erori zen Deba ibaira: Auto de oficio por la caída de un hombre al río Deva, a la altura del término de las Tres Cruces, jurisdicción de la villa de Placencia.
Ikusten denez, bertan dauden hiru gurutzeek berrehun urte baino gehiago jarri zuten, ez dakigu zein istripuren oroigarri. Osintxu aldera beste hilarri bat dago: 1924ko irailak 13an hemen hil zen Manuel Maiztegi jauna, 36 urte zituela. Goian bego. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 4
1928ko maiatzak 4an Eibarko Udalak Oñatiko Javier Zelaia Enparantza kontratistarekin adostu zituen Sagar-erreka urak eroateko lanak, 720.000 pezetatan eta 14 hilabeteko epean bukatzeko.
Soraluze aldeko lanak ez ziren nolanahikoak: Sagar-errekako presa (1974ko presa barriak barruan hartu zuen), ura eramateko erretenak (1.000 metro baino luzeagoak) eta Illordoko tunela (1.665 metrotakoa). (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 4
1933 urtean EAJren Uri Erakundearen lehendakariak udal frontoiaren erabilera eskatu zion Udalari, mitina eta euskal jaialdia egiteko. Alkateak esan zuen Gipuzkoako gobernadoreak telefonema bidali ziola, baimena ukatzen.
Dena dela, udal frontoia lagatzea onartu zuen... behin baimen guztiak lortu eta gero. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 4
2016ko maiatzaren 4an izandako Osoko Bilkuran, Soraluzeko Udalak, aho batez, Central Hidroelectrica Sologoen S.A sozietate publikoaren likidazioa onartu zuen. Likidazio prozesuaren ondoren Soraluzeko Udala egin zen Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabe (2017ko abuztuaren 9an).
Central Hidroelectrica Sologoen S.A elkartea 1989ko abenduaren 28an eratu zen, Sologoen zentrala berriro martxan jartzeko. Azkioen %75a EVErenak ziren, eta gainontzeko %25a Soraluzeko Udalaren esku zegoen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 5
1.766.-eko maiatzak 5eko auto acordado-ren arabera, común-eko bi diputatu eta pertsonen sindikoa sartu ziren udalbatzan. Ordurarte lau pertsonek osatzen zuten udal gobernua: alkateak, hiru errejidorek eta sindiko-prokuradoeak.
Osaketa honek ia ehun urte iraun zuen, 1845 arte. Ordutik aurrera, udala alkateak, bi teniente-alkatek eta bederatzi errejidorek osatuko zuten. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 5
Plaza Berriko iturriaren eraikitze lanak 1831 urteko maiatzak 5ean hasi ziren, Mariano Jose de Lascurain jaunak zuzenduta.
Ondo eta bizkor lan egin zuten: astebete geroago aurreneko erregistroa bukatuta zegoen, eta sei hilabete geroago (urriak 22an) ura iturriraino heldu zen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 5
1918ko maiatzak 5ean Ascensio Gurrutxaga (Don Ascensio) Nuarben jaio zen.
Musikazaletasunaz eta jotzeko trebetasunaz nabarmendu zen apaiztegian. 1951 urtean Soraluzera etorri zen; bertako koadjutore, organista eta Santa Ana komentuko mojen kapilaua izan zen.
Donostian hil zen, 2001 urtean, eta Soraluzeko kanposantuko kaperan hilobiratu zuten. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 6
Soraluzeko Loiola familiaren eta etxearen jatorriari buruzko teoria asko daude.
Baten arabera, Inés de Loyola, Oñaz eta Loyolaren anderea, Juan Pérez senidearekin ezkondu zen. Juan honek Enparaneko erroten agiria sinatu zuen, 1319ko maiatzak 6an, eta oste oñaztarrak gidatu zituen Balda jauregia eraso eta erre zutenekoan. Zazpi seme izan zituzten, horietako bat Juan Pérez de Loyola. Beste seme batek, Alfonso XI erregeak Soraluze hiribildua sortzeko agindu zuenean (1343), bertan Loiola etxea sortzeko orubea lortu zuen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 6
1816 urtean Manuel Tapia (militarra eta Erregetxeko atezaina) eta Manuela Asencia Vergara Larreategui soraluzetarra ezkondu ziren.
Aitaren lana zela eta, familia hainbat lekutan bizi zen: Bilbo, Valladolid, Soraluze atzera… Azkenean, familia Soraluzera erretiratu zen, urte askotara bertan hil ziren behintzat emaztea eta pare bat seme-alaba. Manuel Tapia honek Canción dedicada al Rey y a la Reyna N.S.Q.D.G. abestia sortu zuen, 1817 urtean. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 6
Udalaren 1936ko maiatzak 5eko bileran, Benantzio Iñurrieta zinegotziak komentatu zuen Udaletxeko balkoietan jartzen ziren zintzilikariak, Errepublika koloredunak, oso egoera txarrean zeudela, eta moreak kolorea galduta zuela. Azken hau aldatzea proposatu zuen eta, ondo geratuko ez balitz, berriak egin. Onartu zen.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 7
1790 urtean ufala izan zen, eta pertsona bat ito zen.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 7
Udalaren 1931ko maiatzak 7ko bileran EAJren zinegotziek mozioa aurkeztu zuten, alde batetik Hezkuntza Publikoaren Ministroari telefonema jartzeko, Kataluñari onartutako eskola elebitasuna Euskal herrian ere ezartzeko; eta bestetik Eusko Ikaskuntzari laguntza eskaintzeko helburu hori lortzeko. Laskurain jaunak mozioa defendatu zuen, eta aho batez onartu zen.
Biharamonean, Hezkuntza Publikoaren Ministroaren erantzuna heldu zen, Euskal Herrirako eskola elebitasuna aztertzen ari zirela. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 8
Pascual Iturrizak, Mutrikun jaioa, Gipuzkoako Soraluzeko parrokiaren kapera nagusia marraztu zuen, 1541eko maiatzak 8an hain zuzen, eta kontzejuak onespenaz lanei ekin zien.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 8
1808ko maiatzak 8an Napoleonek Soraluzetik hartutako fusilak ukatzen dizkio Joaquim Murat-i, Espainiako erresumaren teniente jeneralari.
Gutunaren tonuarengatik, Murat tematuta zegoen apirilean Donostiara eramandako fusilak eskuratzeko. Napoleonek dio: "Aurretik esan dizut Soraluzeko fusilak espainolenak direla, eta Donostiara eramanak izan badira berau biltegia eta gotorlekua delako izan da, beste inork ez dituela eramango segur egoteko. Ministroak itsasontziratu nahi dituenak, bere agindura itsasontziratuko dira." (Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 8
1983 urtean udal hauteskundeak egin ziren, demokraziaren bigarrenak.
EAJk sei zinegotzi izan zituen: José Angel Basauri, Luis Javier Oregi, Agustín Gabilondo, José Antonio Ganchegi, Miren Alberdi eta Domingo Osa.
PSE-PSOEk, berriz, hiru: Juan María Borinaga, José Tardío eta Elías de Castro.
HBk beste hiru: Francisco Javier Gabilondo, Cristóbal Arribillaga eta José Joaquín Hernaltes.
Azkenik, EE aldetik Fernando Alberdi irten zen.
Alkatea José Angel Basauri aukeratu zuten.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
Maiatzak 10
1913ko maiatzak 10ean La Humanitaria osasun elkartea eratu zuten, egoitza Errabal, 1ko lehen solairuan zuela. Arautegia apirilean onartu zioten, 30ean.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)