EKONOMIA ADITUARI ELKARRIZKETA

Alberto Arizaga: "Orain, batera jarduteko momentua da"

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 9a, 09:15
Alberto Arizaga.

Alberto Arizaga urte luzez ibili da ekonomia jardunean murgilduta. Berarekin izandako elkarrizketan, besteak beste, azpimarratu du "erakunde guztiek bateratutako ekintzak" egin beharko lituzketela, "handiek eta txikiek"; eta besteak beste, alderdi politikoen arteko batasuna aldarrikatzen du. Zentzu horretan, Portugalgo gobernua da adibiderik onena, Arizagaren ustez. 

Zela ikusten duzu egoera?
Murrizketak ezabatuta, normaltasuna itzuliko da tokiko arlo ekonomikoetara, muga handiekin. Itzuleraren erritmoa markatuko du tokian tokiko egoerak. Horrek murriztu egingo du pertsonen mugikortasuna. Hori onuragarri gerta daiteke tokiko merkataritzarentzat, baina, jarduera guztiak ez dira aldi berean "normalduko". Hasieran, tokiko kontsumoak elikagaien sektoreari egingo dio mesede. Haiek, baina, lehiakortasun handia dute online erosketekin, beraz, produktua, prezioa eta zerbitzua doitu beharko dituzte. Ezegonkortasun ekonomikoak jantzigintzan eragingo du. Uda pasatzeko armairuak nahikoa beteta ditugu. Eta ostalaritzan eragin handia izango dute prebentzio neurriek, beste guztiaz gain. Sektore horri kostako zaio gehien "normaltzea". Negozio lerro berriak gehitu beharko lituzkete, adibidez, jana etxera eramateko zerbitzua. Industria, berriz, mundu globalizatuaren menpe izango da. 
Pandemiaren garapenari dagokionez, erabateko konfinamendua apirilaren amaierara arte luzatu izan balute hobeto. Enpresa asko izan dira oporretan Pazko astean. Gainera, produkzioa eta komertzializazioa nabarmen jatsi dira. 
Adituen arabera, pandemia txertoarekin ala inmunitatearekin kontrola daiteke. Lehena ez da iritsiko, gutxienez, urtebetera arte. Inmunitatea geratzen zaigu. Horretarako, herritarren egoera ezagutu beharra dago, testak eginez. Horrek emango digu egoeraren diagnostiko erreala eta pandemia kontrolatzeko erabaki zuzenak hartzea ahalbidetuko digu. Apirileko azken hamabostaldian, helburua izan beharko zen beharrezko testak eta prebentzio neurriak eskuratzea birusarekin kontaktua izan dutenendako eta sanitario eta herritar guztiendako.

Enpresa askok eskatu dute ERTEa… 
Egoerak galdera ugari mahai-gaineratzen ditu: Non daude merkatu libreak guztia erregulatzen duela dioten liberalak? Badirudi hori horrela dela egoera ona bada. Okertzen denean, berriz, “Aita Estatuak” eman egin behar du. Horrela jokatu behar du orain? Uste dut baietz, langileengatik. Baita bertan lanpostuak sortu eta zergak bertan ordaintzen dituzten enpresengatik ere. Beti ere publikotasuna balioan jarriz. Batzuek planteatu dute “enpresak aldi baterako nazionalizatzea”. Ez dakit hori den bidea, edo hobe den, Alemaniak egin duen bezala egitea: denboraldi batez enpresen kapitalean parte hartu. Azken horrek arriskua dauka oker funtzionatuz gero; baina ondo funtzionatzen badu, altxor publikoarendako onuragarria da.

Zeini dagokio aurrean jartzea?
Erakunde guztiek bateratutako ekintzak egin beharko lituzkete, handiek eta txikiek. Handienak dirua ematen hasi beharko lirateke, zorroztasunez. Batera jarduteko momentua da. Kritika politikoa zilegi da, baina positiboa; zoritxarrez, hemengo politikarien maila baxu samarra da. Adibiderik onena Portugalgo gobernua da: batasuna lortu dute. Horrela, emaitza askoz ere positiboagoak lortuko dituzte.