Kutsatu bat gehiago kontabilizatu dute Soraluzen baina ez dago argi positiboak kontatzeko irizpideak zein diren

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 8a, 09:38

Eguenean, Soraluzen kutsatu bat gehiago zegoela jaso zuen Eusko Jaurlaritzak egunero berritzen duen zerrendan. Hala ere, kutsatuen zerrenda osatzeko modua ez dago batere argi. Osasun arduradunei azken kutsatuari buruz galdetuta, adierazi dute azken positibo hau Espainiako Osasun Ministerioa aleatorioki egiten ari den proben emaitzetatik etor daitekeela.

Azken hilabeteotako kezka-iturri nagusietako bat da Covid-19 gaitza zenbat herritarrek hartu duten jakitea. Eusko Jaurlaritzak egunero berritzen du zerrenda, eta publiko egin. Plaentxia.eus atarian ere Datuak izeneko botoian berritzen dira, 14:00etatik aurrera.

Datu horien arabera, Soraluzen, kutsatu kopuruak gora egiten segitzen du, eta dagoeneko 13 lagun dira gaitza hartuta dutenak. Hain justu, joan den astetik hona, 11 kutsatutik 13 kutsatu izatera pasatu da. Dena den, ez dago batere garbi kontaketa modua zein den.

Zehaztasun falta

Hasteko, Jaurlaritzak ez du jakinarazi egunotan positiboen zerrendan gehitu diren pertsonak nork identifikatu dituen. Mendaron uste dute zerrendan gehitu diren azken herritarrak Espainiako Ministerioa aleatorioki egiten ari den probetan positibo eman dutenak direla baina ez dakite, ez baitute horren inguruko informaziorik jaso. Gainera, diotenez, azken positiboek dagoeneko gaixotasuna gainditua dute.

Plaentxia.eus atariak jakin duenez, badira positibo metatuen zerrenda horretan bi aldiz kontatuta agertzen diren pertsonak, aurretiko froga batean positibo eman eta berrogeialdian egon ostean berriz froga eginda positibo eman dutenak, eta baita pandemiaren hasieran sintomak izan eta probarik egin ez zieten hainbat herritar, orain probak egin dizkietenak, eta positibo eman arren, zerrendan sartu ez dituztenak.

Azkenik, ez dago egindako proba kopuruaren informazio zehatzik. Jakitera eman dutena da, orain arte, sintomak izan eta ospitaleratzeko moduan zeuden herritarrei eta egoitzako egoiliar eta profesionalei egin dizkietela probak eta aste honetan, anbulatorioko langileei ere bai. Ondorioz, froga gehiago egin arte, ez da jakingo zenbat diren kutsatuta dauden soraluzetarrak. 

Datuok, beraz, berrogeialdian ipintzeko modukoak dira, edo esan daiteke erlatiboak direla.