Tabernari gehienek ez dute zabalduko

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 8a, 08:55
Plaza Zaharreko terrazak batuta.

Astelehenean, maiatzaren 11n, tabernariek eta kafetegiek ateak zabaltzeko aukera dute, baldintza gogorrekin, hori bai; besteak beste, bakarrik terrazaren %50a ipini ahalko dute, eta barrura ezin izango da inor sartu. Hori horrela, Soraluzeko tabernari gehienek erabaki dute baldintza horietan, eta astelehenean, behintzat, ez dutela zabalduko, ez delako errentagarria.

Kezkatuta, haserre, ezinegon handiarekin… oro har, halaxe daude herriko tabernari eta ostalari gehienak bizi duten egoerarekin. Berez, maiatzaren 11n, astelehena, arnasa apur bat hartzeko aukera dute, tabernak eta kafetegiak zabaltzeko eskubidea dute-eta. Baina ezarri zaizkien baldintzak dira horren gogorrak, Soraluzeko gehienek ez zabaltzea erabaki dutela. 

Kopurua eta ordutegia, muga

Izan ere, bakarrik terrazak zabaldu ahal dituzte, eta gainera, terrazaren %50a. Horrez gainera, terrazako mahaien artean bi metroko distantzia ezarri beharko dute, eta horrek gehiago baldintzatzen du erabakia. 

Soraluzeko terrazen kasuan, berriz, tabernari gehienen terrazak ordutegiak baldintzatuta daude: 15:00ak arte ezin dituzte terrazak ipini, kaleak zirkulaziora zabalik daudelako. Bestela esanda, egun osoan, bakarrik ipini ahal dute terraza Batzokiak eta Txokoak.

Tabernarien eta ostalarien erantzunak

Gauzak horrela, banan-banan galdetuta, hona hemen tabernariek emandako erantzunak (oharra: Ufalarekin ez dugu kontaktatzerik lortu):

Batzokia: “Oraindik ez dugu erabaki. Baina zabaltzekotan, astearen amaiera aldera zabalduko genuke, asteburuari begira. Aukerak ikusten ditugu, baina ikusi egin behar dugu guztia. Maiatzaren 14an, adibidez, Udalarekin batzarra dugu, besteak beste, terrazek gaur egun duten okupazio publikoa handitzea aztertzeko. Bestalde, nahi dugu ikusi beste herrietan-eta zer egiten duten, ze mahaien eta pertsonen artean, gutxienez, bi metroko distantzia egon behar bada… Erabakia hartzeke dugu”.

Txokoa: “Zalantza handiak ditut, oraindik ezin dut esan. Mahai-kopurua ikusita, ez dakit errentagarria izango den. Berez, mahai gutxi batzuk atera ahalko genituzke, baina elkarren artean bi metroko distantzia mantendu behar bada… orain dugun lekuan ez lirateke kabituko. Eguraldiak ere asko baldintzatuko du erabakia eta egoera”.  

Mendizabal okindegia: “Lau mahai ipiniko ditugu, arratsaldeetan. Dendarien ordutegiarekin zabalduko dugu, 17:00etatik 19:00etara. Hala ere, hemen orain ere eskatu daiteke kafea, eramateko, hori bai”.

Pub: “Ez dugu zabalduko, bakarrik lau mahai ditugu”.

Arranoa: “Arranok bakarrik ipini ahalko lituzke 2,5 mahai. Ez da errentagarria inondik inora. Ez dugu zabalduko”.

Bolia: “Nik bakarrik ipini ahalko nituzke bi mahai, eta gainera prebentzio neurri oso zorrotzak zaindu beharko genituzke. Baldintza horietan ezin dugu zabaldu".

Gila: “Ez dugu irekiko. Bakarrik jarri ahalko nituzke bi mahai, eta barrura ezin bada inor sartu…”

Edurtza: “Baldintza horietan ez dugu zabalduko. Guk bakarrik ipini ahalko genituzke 4-5 mahai, eta gainera, 15:00etatik aurrera. Herri honetan, 15:00etatik 18:00ak bitartean ez dabil inor. Eta gainera, eguraldi txarra egiten badu, zer? Guk zabalduko dugu, seguru aski, taberna barruan zein kanpoan, jendea bietan egon ahal denean”.

Txuritxu: “Gu zabalik gaude, eta astelehenean jarriko ditut hiru mahai terrazan, eta beste bi txiki gozotegiaren kanpoko aldean. Bestalde, kafetegia orain ere zabalik dago, eramateko kafea hartzeko”.