Elkarren arteko distantzia zaintzea da egunotako gabeziarik handiena, Ertzaintzaren arabera

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 6a, 11:57
Jendea Kalebarrenen gaur, eguaztena.

Konfinamendua arintzen doan fase honetan, askok kezkaz begiratzen diote gertatu ahal denari, erabateko konfinamendura bueltatzeko beldur. Asteburuan, ertzainak herrian zehar ibili dira, herritarren portaera zaintzen, eta oraingoz, ohartarazten. Ertzaintzatik esandakoaren arabera, orokorrean “ondo” ari gara, baina “elkarren arteko distantzia” gehiago errespetatu beharko genuke. Oraingoz, ez dute isunik ipini.

Ertzaintzak, maiatzaren 1ean, barikua, ipini zituen azken bi isunak Soraluzen; zapatuan hasi zen des-konfinamenduaren fase berrian sartu baino lehen, beraz. Emandako xehetasunen arabera, Santa Ana kalean ipini zizkieten isuna bi laguni, 19:00etan, “alarma egoeraren agindua ez betetzeagatik, aitzakiarik gabe kalean egotearren”. 

"Orokorrean, ondo"

Harrezkero, Soraluzera egunero etorri dira, baina esandakoaren arabera, zaindu beharreko arauen gainean ohartarazten jardun dute, eta ez dute isunik ipini. Ertzaintzak dio herritarrak “orokorrean, ondo” ari garela murrizketak errespetatzen, baina “batik bat ikusten dena da distantziak ez direla errespetatzen”. Horrez gain, Ertzaintzatik aitortu dute “nekeza” dela jakitea zein dabilen paseoan, zein kirola egiten… eta jendea nahasi egiten dela, “nekeza da zaintzea”, diote. 

Soraluzeko Udaltzaingoari dagokionez, haiek ere ohartarazten ibili dira azken egunotan, pasealekuetan, eta bidegorrian, batik bat.

Bidegorrian, Egotzaraino

Izan ere, distantziaren mugak indarrean segitzen du, eta ondorioz, ezin da Soraluzetik irten, ez paseora eta ezta kirola egitera ere. Bidegorriaren kasuan, Egotza baserriko azpiko aldean dagoen pibotean bukatzen da Soraluze. 

Indarrean dagoen beste hainbat muga, besteak beste, umeekin lotuta daude: 1.1.1. araua: Umeekin, guraso edo heldu bakarra atera daiteke, gehienez ere ordubetez, eta etxetik kilometro batera. Bestalde, heldu batekin, hiru seme-alaba irten daitezke.