Liztor beltzaren habiak azaltzen hasi dira

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 5a, 14:28
Liztor beltzaren habia, Iriarte baserrian. Argazkia: Udaltzaingoa.

Atzo, astelehena, liztor beltzaren habia bat atzeman zuten Iriarte baserrian. Udaltzaingoak adituei eman zieten haren berri, ahal bezain laster erretiratzera etor zitezen. Orain, udaberrian, ugaltzen dira mota horretako liztorren habiak, beraz, litekeena da datozen asteotan gehiago azaltzea. Bat edo bat ikusiz gero, Udaltzaingoari edo suhiltzaileei jakinarazi behar zaie.

Apirilaren 22an abiarazi zuen liztor beltzaren aurtengo kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta dagoeneko Soraluzen atzeman da halako bat Iriarte baserriaren teilatupean, kanpoko aldean. Habia txikia zela jakinarazi du Udaltzaingoak, bakarrik erregina zuena, lehen habia, beraz. 

Udaberri hasiera

Izan ere, halaxe izaten da garai honetan. Liztor habi bakoitzak ehunka erregina sortzen ditu udazkenean. Erregina hauek, babesean gordeta pasatzen dute baldintza gogorreko neguko egunik gehienak. Eguraldiaren baldintzak aldatzen direnean, erregina hauek lehen habia egiten hasten dira eta zeregin honetarako material eta elikagai bila ibiltzen dira batetik bestera. Garai hori, udaberri hasiera da (martxoa eta maiatza bitartean, baina aldakorra klimatologiaren arabera).

Erreginak, udaberri hasieran dira harrapagarriak; erregina galduz gero, habiako bizidunak galduta daude eta ziklo biologikoa moztuta geratuko da. Beraz, bigarren habia kopurua murriztu egingo da eta ondorioz kalteak gutxitu egingo dira.

Jarraibideak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainaren baitan, besteak beste, jarraitu beharreko protokoloaren berri ematen dute. Hemen klikatuta informazio guztia dago eskura.