Elkarrizketa audioan

"Lehenengo pazienteak bakar-bakarrik hil ziren"

Egoitz Unamuno 2020ko mai. 5a, 15:00

Arrate De Albiz (Elgoibar, 1962) erizain laguntzailea da Eibarko ospitaleko zaintza aringarrien sailean. Martxoaren 12tik, Covid19-arekin kutsatutako pertsonak zaintzen jardun du eta egoera “gogor-gogorrak” bizi izan ditu. Ondorengo elkarrizketan kontatu digu asteotan bizi izan duena. Entzun elkarrizketa osoa audioan! 

Zela bizi izan dituzu egunok lanean?

Gure lana bestela ere gogorra izaten da. Jende helduarekin lan egiten dugu, euren azken egunetan: mina kentzen, familiekin… Emozionalki nahiko gogorra da, baina guk badaukagu formazioa horretarako. Gainera, lantalde zoragarri bat daukagu.

Momentu horretan pentsatu genuen denak hilko zirela. Azkenean, gure pozerako egoera aldatu egin zen.

Martxoan dena aldatu zen.

Bai. Gure planta Covid positiboendako prestatu genuen eta gaixoak ekartzen hasi ziren Txagorritxutik, Donostiatik, Galdakaotik eta Basurtutik; adinekoak, 80 urtetik gorakoak. Hasiera terriblea izan zen, gogor-gogorra. Gaixoak oso larri iristen ziren eta hiltzen hasi ziren. Momentu horretan denak hilko zirela pentsatu genuen. Azkenean, gure pozerako, egoera aldatu egin zen. Egia da jende asko hil dela, baina alta emanda ere jende asko bidali dugu.

Kolapsatzeko arriskurik izan da?

Bai, bai. Lehenengo egunetan, egunean hiru edo lau gaixo heltzen ziren eta guk hogei pazienterendako lekua daukagu. Dena den, arazo nagusia aislamendua izan da. Ezin duzu gaixo dagoen pertsonaren ondoan jarri eta besarkadatxo bat edo muxu bat eman. Topera geunden eta, gainera, babeserako materialekin lan egitea oso neketsua da: izerdi batean, karetek min ematen dute… Gure eremuan bi alde ditugu: alde garbia eta alde kutsatua. Kutsatutako aldean lan egiteko babeserako materialak jantzi behar dira: amantal urdina, maskara, betaurrekoak… Eremu horretan lan egitea gogorra eta luzea da. Beti kontu handiz ibili behar duzu. Beti eskuak garbitzen… Gaur egun, aitortu behar dut batzuetan besarkadak ere ematen ditugula eta laztanen bat ere bai.

 

Senideentzat ere gogorra izan behar du.

Bai, gogorra izan da, baina orain egoera aldatzen ari da. Hasieran familiekiko harreman bakarra telefono bidezkoa zen, medikuarena… Lehenengo pazienteak bakar-bakarrik hil ziren. Orain ere bai. Penagarria da senideak ezin egotea, behin, behintzat… Dena dela, gu hasi ginen, baten bat larri ikusten genuenean, familiari deitzen. Hasieran, pertsona bakarrari lagatzen genion sartzen, baina orain hiru edo lau pertsona etortzen dira, hori bai, banan-banan. Orain, bideo-deiak egiten ditugu, elkar ikusten dute eta hobeto sentitzen dira.

Pentsatu nuen: ‘Kito! Mundua amaitu behar bada amaitu dadila, baina gizon hau ez da bakarrik hilko’.

Beharbada, hori da egoeraren alderik ederrena.

Bai, ni horrek asko lasaitu nau. Gogoan dut, goizalde baten bazegoela gizon bat, oso jatorra, hilzorian eta bakar-bakarrik. Nik gainerako lan guztiak laga, bere ondoan jarri eta eskua eman nion. Pentsatu nuen: ‘Kito! Mundua amaitu behar bada amaitu dadila, baina gizon hau ez da bakarrik hilko’. Nik bezala, beste batzuek ere gauza bera egin dute. Horrek motxila handia ekarri digu. Baina denontzat izan da gogorra: horren berri jakin duzuen herritarrontzat, kudeatu behar izan duten politikarientzat… Denontzat da egoera berria eta gogorra.

Aipatuko zenuke kudeaketan hobetu beharrekoren bat?

Buenooo, bai. Egunero dihardugu horretan. Izan dira momentuak, babeserako materialak garbitu eta berrerabiltzeko eskatu digutenean esaterako, beldurra pasatzekoak. Nik pertsonalki ez dut beldurrik sentitu baina lankide askok bai. Gauza asko onartu ditugu eta ulertzen dugu lantegiek eskaerari aurre egin ezinda ibiltzea, baina, kontxo, geu gara barrura goazenak... Horregatik, susmoa izan dugunean material ona gordeta zegoela, planto egin dugu. Hori da daukagun beste borroka bat.

Askotan etxera bueltatzen gara nekatuta eta txaloek asko laguntzen dute hurrengo geunean berriz indartsu joaten lanera.

Orain egoerak hobera egin du?

Bai. Hasieran dena hankaz gora zegoen eta orain kontrolatuago dagoela sentitzen dugu. Dena den, nik badut
beldurra jaitsiera ez ote den etxean gelditu garelako… Ea berriz kalera irteten hasten garenean zer gertatzen den.

Nik txaloak bidali nahi dizkiet herritarrei. Jendeak ez daki benetan zenbat laguntzen digun horrek. Askotan etxera bueltatzen gara nekatuta eta txaloek asko laguntzen dute hurrengo egunean berriz indartsu joaten lanera.

Lanetik atera eta norbere etxean ere aurre egin beharko zaio egoerari.

Saiatzen gara animoaren gorabeherak etxera ez eroaten. Lankideon artean terapia asko egiten dugu, eta elkarri asko laguntzen diogu. Hemendik aurrera gure arteko harremana berezia izango da. Esan diet lankideei egunen batean bizitakoa idatzi egin beharko dugula.