Anbulatorioa “zabalik”

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 4a, 11:03
Anbulatorioko sarrera gaur, astelehenea.

Gaur, aspaldi ikusten ez zen irudia erakutsi du anbulatorioak: pertsiana zabalik eta langileak bertan. Prebentzio-neurriak zorroztuta, gaurtik bertan dira anbulatorioko ohiko langileak, erizain bat izan ezik. Hori bai, kontsultarako telefonoz deitu beharra dago, eta osasun profesionalek erabakiko dute kontsulta behar duen pertsona hori zuzenean artatuko duten.  

“Normaltasun berrirako” bidean sartu gara gaur, astelehena. Horren zantzuak agerikoak dira han-hemenka. Adibidez, gaur, anbulatorioak pertsiana zabaldu du. Eta nahiz eta zerbitzu gehiena telefonoz eskainiko duten, begi-bistakoak dira anbulatorioko sarreran egiten ari diren egokitzapenak, bertaratu behar direnak artatzeko. Esaterako, babes-pantaila ipini dute harrera-gunean. Bertako langileek maskarekin dihardute lanean, eta bihar, maiatzaren 5ean egingo dizkiete koronabirusaren probak.

Telefonoz deitu

Horrez aparte, oro har, telefono bidezko arreta lehenetsiko dute. Bestela esanda, medikuek erabakiko dute zein kasutan behar duten pazientea zuzenean artatu. Baina hasiera batean, telefono bidez eskainiko dute arreta. Hau da, norbaitek mediku beharra badu, anbulatoriora joan beharrean, telefonoz deitu beharko du - 943 75 23 00 - eta medikuak esango dio anbulatoriora bertaratu behar den edo ez. 

Bestalde, osasun profesionalek esplikatutakoaren arabera, arnasa-aparatuarekin lotutako kontsultak egunaren amaieran artatuko dituzte, arriskua gutxitze aldera. 

Erizainei dagokienez, berriz, odol ateratzeak egingo dituzte, baina bakarrik beharrezkoak diren kasuetan, larrialdi kasuetan: onkologikoak, TAC-ekoak, Sintrom-ekoak…