Gaur, bidegorria zabalik

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 4a, 09:56
Bidegorria zabalik gaur.

Pasa berri den asteburuan, iragarri zuten gaurtik barikura bitartean, bidegorria itxita izango zela, bertako artapen-lanak egiteko. Lanon gaineko xehetasunak galdetu ditu alkateak, eta jakinarazi diotenez, bi egunean hasi eta bukatuko dituzte Soraluzeko tramuari dagozkion lanak: bihar eta etzi. Beraz, gaur bidegorria zabalik dago.

Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da bidegorrietako belarrak-eta mozteaz. Joan den barikuan, hemengoan kartela ipini zuten, jakinarazteko aste honetan egingo zituztela Soraluzeri dagokion bidegorri zatiko lanak, eta horrenbestez, aste osoan, 07:00-15:00ak arte txita izango zela berau. 

Herritar askoren artean ezinegona eta haserrea eragin zuen hori jakiteak, paseora eta kirola egitera irteteko baimena eman dutenean justu herriko pasealeku nagusia itxi egin behar dutelako. 

Bihar eta etzi bakarrik

Horren jakitun, lanen gaineko xehetasunak galdetu ditu Iker Aldazabal alkateak, eta hari esan diotenez, oharrean ipini arren bidegorria aste osoan itxita izango dela, Soraluzeko zatia bakarrik bi egunean itxiko dute: bihar eta etzi. 

“Kontua da lan horiek Arrasatetik Bergarara datozela, eta gaur, lanak Osintxura arte ailegatuko direla. Hori horrela, bakarrik bihar eta etzi ibiliko dira Soraluzen lanean. Beraz, bien bitartean, bidegorria zabalik dago. Horrez aparte, bidegorria itxita egongo dela ipini arren, konfinamendu egoera dela-eta, hesia ipiniko dute bertatik aurrera ez pasatzeko. Baina, posible izango da joan-etorria egitea hesira arte. Gero, lanak egiten ari diren tokitik ezin izango dira pasatu, segurtasun kontuengatik; baina bertaraino bai”.