Kale-gosea

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 2a, 20:03

Gaur, zapatua, nabaria izan da poza aspaldiko partez kirola egitera edo paseora lasai irten diren herritarren artean. Batzuek bidegorria aukeratu dute lehen irteera horretarako, beste batzuek mendia, eta beste hainbatek kalea. Hori bai, gehienak lasai irten diren arren, izan dira batzuk arduraz eta nekez ibili direnak. 

Jendea kale-gose zen, eta hori nabarikoa izan da gaur, 40 egun baino gehiagoren ondoren, lehen aldiz kirola egitera eta paseora irteten direnen artean. Eguraldia lagun, gustura hartu dute aire librean egotea. “Dagoeneko hankak gogortuta genituen, eta behar genuen”, kontatu du adineko batek. “Oso gustura gaur, eguzkia, airea… beharrezkoa zen”, dio bikote batek.

Bidegorrian

Goizean goizetik izan da joan-etorria bidegorrian. Korrika egitera joan dira asko, bizikletaz beste hainbat, eta oinez gehienak. Lehen irteera izanda, “poliki-poliki” ibili dira gehienak, ez astiro, baina bai tentuz, gorputza larregi behartu barik, etxeko egonaldia igarri egiten baita, eta elkarren arteko distantziak gordeta: “Badabil jendea, bai, baina elkarrengandik distantziara”, esan du familia batek.

Gizonezko adindu batek, adibidez, aitortu du gaur kosta egin zaiola ibiltzea: “Etxeko pasilloan 17 pauso besterik ezin dira eman, eta nahiz eta hori egunero egin, ez da gauza bera”. Adineko beste emakumezko batek, berriz, kontatu du gustura irten den arren, “arduratuta” ere irten dela, bizi dugunarengatik inpresionatuta. Hura, adibidez, maskararekin irten denetako bat izan da; gutxi izan dira, hala ere, maskarekin edo eskularruekin ibili direnak.

Mendira

Aspaldiko partez, mendian ere gora eta behera ibili dira soraluzetar asko. Mendirako bidea goizean goiz hartu dute gehienek, eta askok bat egin dute San Andres-Osuma inguru horretako bueltan. Eguerdi ingururako dagoeneko kalean zeuden, baina gustura ibili diren begirada horrekin.

Bestalde, paseorako edo umeekin irteeteko kalea aukeratu duenik ere izan da; batik bat eguerdi partean igarri da hori.

Kutsatu bat gehiago

Lehen eguna izan da gaurkoa. Hemendik aurrerakoa horrela edo hobeto izango ote den esperantzarekin bueltatu dira gehienak etxera. Osakidetzaren datuek esango dute hori. Azken 48 orduotako datu ofizialen arabera, Soraluzen lagun bat gehiago kutsatu da. Beraz, 12 herritar daude Covid-19 gaitza hartuta.