Amaitu da bertso-katea, 192 parte hartzailerekin

Egoitz Unamuno 2020ko mai. 2a, 17:01

Ederra izan da ikustea horrenbeste plazentziatar bertsotan; aspaldi ikusi gabeko hainbeste aurpegi ezagun... Ederra. Eta amaierako bertsoa ere neurri neurrikoa, Imanol Lopezek Iñaki Iñurrietari erantzunez kantatu duena: 

 

Agur bero bat Plazentziatik eta aurrera ere segi dezagula gure herriaren, lagunen eta hizkuntzaren katebegi izaten. Eskerrik asko denoi! Plazerra izan da zuen bertsoak entzun eta Plaentxia.eus-en bistaratzeko aukera izatea! Bejondeizuela!  

Oharra: Bertso-kateko bertso guztiak ikusgai daude bertso-katearen jatorrizko albistean eta baita Plaentxia.eus-eko Twitter kontuan ere. 

Martxoan hasi zen dena

Martxoaren 28an ailegatu zen BertsoVid19 izeneko katea herrira (@argizetaren bidez) eta harrezkero, bertsoaren birusa etenik gabe hedatu da plazentziatarren artean BertSoraluze izenarekin, barikuan ekimena amaitutzat eman duten arte. Bost asteotan, guztira, 192 plazentziatarrek erantzun diote bertso-puntuari. Bada zerbait. Gainera, parte hartu duten herritar askorentzat bertsoa egin eta kantatu duten lehenengo aldia izan da.

Aitzakia ederra elkar agurtzeko

Bertso-katea lagun sareen bitartez zabaldu da, lagunetik lagunera, plazentziatar batek besteari jarritako puntuari erantzunez, eta konfinamendu egoera honetan aitzakia ederra bihurtu da elkar ikusteko; aspaldi ikusi gabeko lagunak eta senideak kantuz agurtu edota zirikatzeko. Zenbat buru hainbat aburu, eta bertsoetan ere askotariko gaiak aipatu dira: konfinamendua, birusa, txirrindularitza, futbola, sagardoa, lana... Bakoitzak berea. Kanturako lekuak ere ugariak izan dira: sofa, jangela, balkoia, traktorea, ukuilua, bizikleta eskatikoa, koadrilako lokala…

Plazentziatarren sarea, herrian eta diasporan

Katean, herrian bizi diren plazentziatarrez gain, herritik kanpo bizi diren plazentziatarrek, "diasporakoek", ere kantatu dute , herri eta herrialde askotatik: Bergaratik, Elgoibartik, Donostiatik, Aizarnazabaldik, Iruratik, Gabiritik, Durangotik, Bilbotik, Bartzelonatik, Burgostik, Murtziatik, Austriatik, Uruguaitik… Honenbestez, agerian gelditu da plazentziatarren sarea; Plazentziak, laguntasunak eta euskarak lotzen dituena.

Aparteko ale batzuk

Edurne Fariñasek dotore erantzun zion Ina Borinaga jarri zion puntuari:
Nola izango dira
aurtengo oporrak
desberdinak seguru
izanez baikorrak
topatzen ez bagaitu
birus kutsakorrak
gozatuko ditugu
bertako altxorrak.

Eneka Ezenarrok, berriz, bere lehen bertsoa osatu zuen Aritz Laskuraini erantzunez:
Herrixa konkistatzen
Napoleonekin,
erraz dominatuta
bere graziakin,
txikixa ta arrunta
baina bihotzakin
nire lehen bertsua
izan da berakin.

Pedro Aldazabalek ere erantzun "bereziya" eman zion bere alaba Iratiri:
Plaentxiko herritik
dator notiziya,
agertu dala kararakol
beltz ta itsusiya,
horregatik daukagu
egoera bereziya
kendu nahi digulako
denoi biziya.

Abiapuntua Andoainen

Beharbada askok ez dute jakingo, baina bertso-katea Andoainen abiatu zen, BertsoVid19 izenarekin. Andoaingo Aiurri tokiko komunikabideak abiatu zuen konfinamendua hasi eta egun gutxira. Gerora, sekulako arrakasta izan du eta Euskal Herri osoko 1.800 bertsozale baino gehiagok parte hartu dute. Gainera, kateak bizitza propioa hartu duenez, hedatzen eta hedatzen jarraitzen du, andoaindarrek eurek abiatutako ekimena apirilaren 19an amaitu zuten arren.